2003ko otsaila zen Guardia Zibilak  gerora bertan bera utziko zuten polizia operazioa abiatu zuenean Arantzazuko Santutegian. Operazioaren etenaren arrazoiak, eta balizko gertakariaren ondorioak aztertu ditu Khuruts Begoña sortzaileak  Eta gertatu izan balitz?  film laburrean. BERRIA egunkariaren atari digitalean dago ikusgai.

Otsailaren 24ean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau egunetara, Arantzazuko santutegira abiatu ziren Espainiako segurtasun indarrak. Ez dugu inoiz ezagutu operazio horren helburua, ez baita inoiz argitu.  Bide erdian zirela, dei bat jaso eta atzera egin zuen poliziak. Ez zuten inoiz burutu.  “Zer gertatuko zen Guardia Zibila euskararen eta euskal kulturaren ikur bilakatu den egoitzan sartu izan balitz?”, galdera honetatik abiatu du bere lana zuzendariak, eta Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria zenaren zuzendaria, eta  Jakin aldizkariko buru den Lorea Agirreren laguntza izan du horretarako.

Betidanik buruan izan duen ideia izan da zuzendariarentzat Arantzazuri buruzko lan bat errodatzearena. Asmoa bai, baina ez zuen abiapuntu argirik. Guardia Zibiliak Arantzazun egitekoa zuen operazioaren inguruan irakurri zuen behin BERRIA egunkarian, eta orduan heldu zitzaion tira egiteko haria. Eskuartean zituen beste proiektuak baztertu, eta lanean hasi zen.

Hamasei minutu inguruko ikus-entzunezkoa izan da emaitza. Egileak onartzen du kontakizun abstraktu samarra geratu zaiola, baina pozik dago lortutako emaitzarekin.  Abenduan estreinatu zuten proiektua, Bilboko Bilbao Arte fundazioan, eta jada iritsi dira publikoaren lehen  iruzkinak: filma azkarra da, abstraktua izanagatik, erraz ikusten dena. Donostian ere hitzartu dute bigarren aurkezpen emanaldi bat. Otsailaren 25ean, izango da, Kresala Zineklubaren lankidetzarekin.

Online bidez ikustea da hirugarren aukera. Izan ere, BERRIA egunkariaren webgunean zintzilikatu dute filma.