Urte berriarekin batera, zinea eta musika batzen dituen emanaldi sorta jarriko dute martxan Donostiako Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. J.B.A (Jatorrizko Soinu Banda) izenez aurkeztu dute, eta zuzeneko musikaz lagundutako emanaldiak ekarriko ditu hilean behin.
Filmen proiekzioak eta soinu banden zuzeneko interpretazioa elkartzeak zinema mutuarekin zuzeneko lotura ezartzea dakar. Ideia horretatik abiatu dute Tabakalerak, Kutxa Kultur espazioa eta Dock of the Bay musika jaialdiak elkarlanean J.B.A ekimena. Gaur egungo musika banden ikuspegitik jorratuko dute gaia, denborak, estiloak, instrumentu desberdinen soinuak, sintetizadoreak etab. baliabide uztartuz.
Lehena izanagatik, berezia izango da urtarrila. Zikloari hasiera emango dioten bi saio egingo dituzte datozen egunetan, urtarrilaren 4an eta 8an, eta martxora bitarte luzatuko da ekimena, hilean behin egingo dituzten saioekin. Aurrez ere egin izan diren beste antzeko esperientziei batuko zaie azkeneko hau ere, eta, aurreko alditan bezala, Tabakalerako barne zein kanpo eragileen elkarlanaren emaitza da.
Bada, abiatu berri den 2deo, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiak formatu berriak esploratzeko interesa eta 3.0 bideoklipari eskainitako arreta ekarriko dizkio proiektuari. Bestetik, lekuko musika taldeentzako duen egonaldi proiektuaren bitartez, bertako musika talde bati soinu banda bat sortzeko aukera emango dio Kutxa Kultur egitasmoak. Datorren urteko Dock of the Bay jaialdia izango da sortuko duten doinu berri horren estreinaldirako plaza, lehen urtez, indarrak batu eta kolaboratzaile bihurtu baita jaialdia.
Salbuespenik ezean, Tabakalerako zine aretoan egingo dituzte fokuko emanaldiak eta, ohi bezala, web orrian edota leihatilan erosi ahalko dira sarrerak. Hurrengoak dira urtarriletik martxora programatutako saioak:
- Urtarrilak 4, 19:00etan.
The Hill (La Colina) (Sidney Lumet, 1965) filma pantailaratuko dute, Elle Belga artistak zuzenean joko duen soinu bandaz lagunduta.
- Urtarrilak 8, 20:00etan.
Respirar, Correr, Mirar (Virginia Garcia del Pino, 2018) filmaren emanaldia, Musergoren zuzenekoaz lagunduta.
*Kutxa kultur aretoan egingo dute saioa, eta sarrera doakoa izango da.
- Otsailak 9, 19:00etan.
The Road (John Hillcoat, 2009) filma, Paddy Steer musikariak sortutako soinu bandak lagunduta.
- Martxoak 8, 19:00etan.
A girl walks home alone at night (Ana Lily Amirpour, 2014) filmaren emanaldiak itxiko du fokua, eta The Black Heart Rebellion taldeak jarriko du agurrerako musika.