2019ko martxoaren 11tik 16ra ospatuko dute Iruñako Punto de Vista jaialdiaren 13.edizioa. Iragarri dituzte ikus-entzunezko komunitatearen topaleku izango denaren lehen ezaugarriak.
Ohiko legez, zazpi sail nagusietan banatuko dute zinemaldiaren programazioa. Sail Ofiziala izango da horietan nagusia, eta bertan lehiatuko dira lehiaketara aurkeztutako 1600 lanen artean aurkeztu dituztenak. Horrez gain, ez-fikziozko zinegileen lana aztertuko duen atzera begirakoa; Dokbizia atala; Ikuspuntu Labs hartu-emana eta sormen kolektiborako espazioa; Foku Garaikidea, nazioarteko zuzendari garrantzitsuenen monografikoak eskainiko dituena; askotariko edukiak bilduko dituzten Saio Bereziak egongo dira, eta aurten lehen aldiz, haur eta gazteei zuzendutako Programa Hezitzailea.
Jonathan Schwartz zinegilea omenduko du aurtengo edizioak. Zinema esperimentaleko hogei film labur baino gehiago sortu zituen zuzendariak, eta iragan urrian zendu zen 45 urterekin. Haren filmez osaturiko aukeraketa bat izango da ikusgai jaialdian, eta artista estatubatuarraren inguruko lehenbiziko obra argitaratuko dute Garbiñe Ortega jaialdiko zuzendari artistikoaren eskutik.
Lau irudi, lau kartel
Lehen ezaugarriekin batera, 13.aldiaren irudia aurkeztu dute ere. Berritasun gisa, aurten ez da bakarra izango, baizik eta lau. Dani Sanchis da guztien egilea, eta jaialdiak zinemaren inguruan zabaltzen duen ikuspuntua islatu nahi izan du horietan guztietan.
Epaimahai gaztea eta boluntario lana
Jaialdian boluntario aritzeko eta Gazteen Epaimahaiko kidea izateko inskripzioetarako epea ireki duela jakinarazi du ere Punto de Vistak. Bi proposamenetan interesa duten guztiek www.puntodevistafestival.com webgunean eman dezakete izena, otsailaren 15a eta 18a baino lehen, hurrenez hurren.
Punto de Vista-k boluntarioak nahi ditu antolakuntzan parte hartzeko, jarduera hauetan aritzeko zehazki: aretoaren antolakuntzan laguntzaile, talde teknikoaren laguntzaile, produkzioaren koordinatzaile, komunikazio-atalari laguntzaile, bideo-taldea eta argazkilari ofizialen laguntzaile, eta gonbidatuei eta, oro har, ikusleei arreta ematea eta informazioa ematea.
Bestetik, Gazteen Epaimahaiko kidea izateko aukera izango dute 18 eta 25 urte bitarteko gazteek, eta film onena sarituko dute Gazteen Sariaren bitartez.