Euskadiko eta Frantziako Europa Creativa MEDIA bulegoek ekoizleen arteko topaketa sustatzeko saioa antolatuko dute urtarrilaren 24an Miarritzen, FIPADOC jaialdiaren egitarauaren baitan. Bertan izan nahi duten euskal ekoizleek urtarrilaren 17ra arteko epea dute antolatzaileei email bidez beren proiektuaren berri emateko.

Nazioarteko zinema dokumentalaren jaialdia da FIPADOC, 2018ko ekainaz geroztik, FIPA festibala zenaren ondorengoa. Urtarrilaren 22tik 27ra egingo dute 2019ko edizioa, eta ohi bezala, ikus-entzunezko alorreko profesionalen topagune bihurtuko da, nazioarteko proiektuen garapena sustatzeko. Azken urteetan 28.000 lagunetik gora hurbildu dira zitara, tartean, ekoizleak, banatzaileak eta programatzaileak, eta 100 film baino gehiago pantailaratu zituzten azken edizioan.

Bada, Euskadiko eta Frantziako Europa Creativa MEDIA bulegoek bi lurraldeetako ekoizleen topaketa bultzatzeko saioa antolatuko dute urtarrilaren 24an. Speed meetings direlakoak izango dira, Margaux Lacoste (Frantzia) eta Ainhoa Gonzalez (Euskadi) arduradunek lagundu eta bideratutakoak.

Hala, nazioarteko koprodukzioa behar duten proiektuak garatzen ari diren ekoizleei egin diete dei, beren proiektuen berri eman eta izena eman dezaten. Horretarako, izen-abizenak, enpresaren izena, proiektua eta posta elektronikoa bidaliko beharko dituzte urtarrilaren 17a baino lehen a.gonzalez@europacreativaeuskadi.eu helbidera.