Kritika: ‘Manbiki Kozoku’ (‘Shoplifters’)

Nola sortzen da benetako familia?

Zuzendaria: Hirokazu Koreeda

Urtea: 2018

Herrialdea: Japonia

Hirokazu Koreeda zuzendariak Donostia Zinemaldiarekin duen idilioak 20 urte bete ditu aurten. 1998an japoniarrak bere bigarren film luzea aurkeztu zuenetik (Wandâfuru Raifu/After life) beste bost alditan etorri da guregana, bai Sail Ofizialean lehiatuz, bai Perlak sailan bere azken filmak aurkeztuz. Noizbehinka saritua izan da (publikoaren saria bitan lortu du), eta hainbeste elkar maitatze horrek aurten Donostia Sarietako bat ematea bideratu du, jakina, bere azken lana ere guregana ekarriz: Manbiki Kazoku/Shoplifters. Cannesko Zinemaldiarekin ere lotura handia dauka zuzendariak, eta lehian bost parte-hartze ondoren, Urrezko Palma eskuratu du aurten Koreedak. Aipatu zinemaldien kutuna dela argi geratu zen Donostia Sariaren entregatzeko ekitaldian, Thierry Frémauxek (Cannes) eta José Luis Rebordinosek (SSIFF) hunkitutako Koreedari saria eman baitzioten.

Zine aretoetan estreinatu berri da Manbiki Kazoku, eta nahiz eta, guztiok dakigun moduan, ez den arrakasta handikoa izango, lan hoberenek dituzten osagaiak eskaintzen dizkigu: istorio bihotz-ukigarria, egiantzeko pertsonaia ahaztezinak (haurrak batez ere), gardentasuna eta naturalismoa plano eta eszena guztietan, eta Koreedaren filmografia osoan hauteman daitekeen gizartearekiko eta familiarekiko kritika zorrotza. Zorrotza bai, baina leuntasunez eta modu ederrean aurkeztua. Hausnarketa eta kritika ez dira beti gordintasunez bideratu behar, batzuetan sakonera-karga batean sartutakoak ikusleengan ezinegona argiago bideratu dezake zuzeneko masaileko batek baino. Hortan datza estiloa eta forma, zinean (eta edozein adierazpen artistikoan) hain garrantzitsu izan beharko litzatekena.

Filmeko familiak denda ebasketekin ateratzen du bizimodua, eta lapurtutakoa gero saltzen dutela dirudi. Baina nahiz eta egiten dutena legez kanpokoa den, ez dirudi min asko egiten dutenik (“dendak  galtzen ez duen bitartean” dio aitak), eta Koreedak familia giro atsegin bat erakusten digu, egunerokoa hurbiltasunez filmatuta. Etxetiar unibertso hau askotan ikusitako ohiko japoniar osagaiz beteta dago (oherik gabeko gela itxiak, gidaridun ateak, aldi oro jaten ari direla, intimitatea, …) eta zuzendariaren beste film batzuk gogora ekartzen dizkigu [Dare mo shiranai/Nobody Knows (2004), Aruitemo aruitemo/Still Walking (2008) edo Soshite Chichi ni Naru/Like Father, Like Son (2013)]. Gainera, askotan aipatu den moduan, Koreeda Yasujiro Ozu handiaren oinordeko bezala ere ikusi dezakegu.

Manbiki Kazokuk haurren ikuspuntua ere nabarmentzen du, Yuri neskatila eta Shota mutikoaren arteko konplizitatea areagotuz, batez ere denda ebasketetan. Hala ere, Yurik bere kabuz lapurtzea erabakitzen duenean, Shotak, bere burua jada neskaren anai bezala ikusiz, babestu nahiko du laranja sare bat ostuz eta korrika ihes eginez. Ihesaldi horrek filmaren unerik latzenetarikoa ekarriko du eta Koreedak maisuki ebazten du, muntaia dinamiko bat erabiliz, baina ikuslea gertatu denaren ziurtasunik gabe utziz. Hori bai, hortik aurrera familia protagonistaren sekretuak argitzen joango zaizkigu eta filmaren zentzua guztiz aldatuko da, umoretsu eta atsegina izatetik, gazi-gozo eta saminera bihurtuz. Hala ere, zuzendariaren filmei baikortasuna darie, eta Manbiki Kazoku ez da salbuespena. Honen adibide kostaldera egiten duten txangoa litzateke, zehazki denak batera itsasertzan jolasean ari direnean, amona Hatsuek hondartzatik ikusten dituen bitartean. Alaitasun iragankor horretan laburbildu daiteke Hirokazu Koreedaren zinea.

Zuzendari japoniarraren hurrengo urratsa Europan emango du, The Truth izeneko filmarekin, eta antzezle-zerrenda entzutetsua da, Catherine Deneuve, Juliette Binoche edo Ethan Hawke besteak beste. Benetan bitxia izango da emaitza ikustea, ezin baitugu aurreikusi Koreedak egingo duena bere inguru ezagunetik ateratzerakoan.