Ikus-entzunezko bestelako narratibak eta bideoak irudikatzeko modu berriak izango dituzte aztergai, gaur, Bilboko Azkuna Zentroan. 19:00etan abiatuko dute saioa, Bideotik ekimenaren programazioaren barne txertatuta, eta Hiru Begirada izena jasoko du.

Espainiar estatuan, eta oro har, nazioarte osoan sortu eta ekoiztu diren bide-sorkuntzako lanak eta proiektuak agerian jartzea du helburu gaurko mintegiak. Kultura-arlotik datozen, eta ikus-entzunezko hizkuntza modu pertsonal, intimista eta hurbilagoan erabili duten zinegile eta sortzaile horien lana ikustaraztea, alegia.

Hiri Begirada izena hartuko du gaurko atondu duten saioak, eta hiru ikus-entzunezko piezen emanaldiez osatu dute. Munduari begiratzeko modu jakin bat, inguruan dugun errealitatearen aurrean hartutako jarrera jakin bat proposatzen digu horietako bakoitzak: “Hautatutako obrak egileek emakume sortzaile, errebelde eta jakin-minen aitzindari-taldeko kide izateko egindako joko esperimentalen emaitza dira”, azaldu dute antolatzaileek.

Hauek dira, bada, ikusgai izango diren lanak:

  • Euskal Emakumeak (Mirentxu Loyarte, 1981)

‘Euskal Emakumeak’ (1981) emakume batek egina dagoen Ikuska bakarra da. Loiartek XX. mendearen amaierako gizartean emakumeak betetzen zuen espazio soziopolitikoa marrazten digu hemen. Gorrira biratuta, film labur dokumental hau begirada zorrotzez gerturatzen da 80ko hamarkadan emakumearentzat ziren espazioetara, merkatuetara, haur-parkeetara, arrain-fabriketara eta gizonen pixalekuetara.

  • Haragia (Bego Vicario, 1999)

Desagertutako gorpuen inguruko gogoeta.

  • The Garbage Girl (Estibaliz Sadaba, 2007).

Hainbat museotan errodatutako performancea, zeinak emakumeek kulturako sektore guztietan hartzen duten bigarren mailako papera salatzen duen