Mendi Film Festivalek XI. edizioa ospatu du abenduaren bigarren astea bitartean. Esan behar da zinemaldi hau, urtero-urtero, goraka ari dela eskalatzaile bat balitz bezala. Ildo horretan, duela edizio batzuetatik hona, mendi zinema ezezik, abentura, ingurumena eta muturreko kirolak ere besarkatzen ditu. Aurten, besteak beste, Kepa Acero protagonista duen En ningún sitio bitakora-kaiera ikusgarria aurkeztu da.
Orobat, talde horretan (eta, betiere, nik ikusitakoen artean) Wonderful losers gailendu da. Bertan, estilo hotz indartsu batekin, Arünas Matelis lituaniarrak dokumentatzen du nolakoa den txirrindulari beharginen ezkutuko lana; egiten dituzten sakrifizioak taldeko liderrak lasterketa irabaz dezan; baita eraman behar dituzten erorikoak eta haien ondorioak ere. Zuzendari onenaren saria jaso zuen Martelisek.
Halaber, guztiz film zirraragarriak gertatu dira The Dawn wall eta Free solo;are gehiago, eskalada librea maitez gero. Biek ala biek dute amankomunean Californiako Yosemite parke nazionaleko El Capitan amildegi zut erraldoia. Lehenengoan, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek ia kilometro bat duen hormatzarra eskalatu nahi izango dute… nondik-eta inoiz ez egindako bide ezin gaitzago batetik. Bigarrenean, ostera, Alex Honnold setatuta dago troka mitikoa eskalada librean eta —sokarik gabe!—igotzearekin. Sinestezina.
Bestalde, goraipagarria da gure hizkuntzari trataera duina emateko ahalegina antolatzaileen aldetik. Hala ere, nire partetik eskari bat: hizkuntza gutxitua den aldetik, euskarari pantailan lehentasuna eman behar zaio euskarazko azpitituluak lehenengo lerroan kokatuz.
Badaezpada, gogoratu Bilboko zinemaldiaren ostean Mendi Tour hasiko dela. Mendi Tourrean berrogeitaka herri eta hiritan zehar aurtengo programazioko hautaketa bat erakutsiko dute egun bateko (edo gehiagoko) formatuan. Hementxe duzu ibilbidearen mapa.
Kronika labur osagabe hau amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi aurten lehiaketatik kanpo aurkeztu den Aralar, mundua leku den lurra ezusteko ederra. Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Aloña Jauregi eta Ion Fontenlak lan iradokorra ondu dute eta euskaldunontzat hain garrantzitsua den mendilerroaren indar telurikoa zoragarri jaso dute bertan. Film hau ere ari da bere ibilbidea egiten herriz herri. Adi ibili, beraz.