Bidean sendo, arrakasta pilatzen jarraitzen du Kanaki Films ekoiztetxe donostiarraren Another day of life (Raul de la Fuente eta Damian Nenow, 2018) filmak. European Film Award sariketan heldu da azkena: Europako urteko animaziorik onena izendatu baitute pelikula.

Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniar ospetsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da Kanaki Films etxeak koprodukzioan garatutako istorioa, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista. 1975an Angolara bidaiatuko du, eta mundu eragina duen gerra ahaztu batean borrokan topatuko ditu bertako gazteak. Ezagutuko duen panoramak bizitzarekiko duen ikuspegia aldatuko dio betiko. Ikusitakoak ikusita, konturatuko da ez duela nahikoa kazetari lanarekin, eta bere jarduna birplanteatuko du. Kazetariak Angolan emandako hiru hilabeteen kontakizun gordina egingo du ikus-entzunezkoak.

Hilabete gutxiko ibilbidea egin izanagatik,  harro egoteko sari-kopuru majoa pilatu dute donostiarrek. Filmak publikoaren sariak eskuratu ditu Donostia Zinemaldian, Egiptoko El Gouna hiriko edota Poloniako WAMA jaialdietan. Horiez gain, Kanaki Films ekoiztetxea saritu zuten ere iazko Cartoon Movies zinema merkatuan, pelikula errodatzearen alde egindako apustuagatik. Halaber, urteko jaialdi nagusienetariko batzuetan lehiatu da filma, Cannesko zinemaldian edota animazioari eskainitako Annecyn.

Iragan urriaren 26an estreinatu zuten Hego Euskal Herriko aretoetan, eta nazioarteko zinema profesional eta kritikariak ez ezik, filma pantaila handian babestu duen publikoa ere liluratu du ikus-entzunezkoak.