Gazte zein haurrei zuzendutako Gaztefilm Fest ekimena abiatuko dute egunotan. Bihartik hasita eta martxoaren 24ra bitarte egingo dituzte etxeko gazteenen neurrira atondurako bi film hautaketa desberdinen emanaldiak, Gasteizen hasi eta Laudion amaituz.
Hemezortzi urtetik beherakoentzat zinema-gunea sortzea du helburu Gaztefilm Fest egitasmoak. Areto komertzialagoen eskaintza askotan urriegitik harago, haur zein gazteentzat pentsatu eta sortutako filmak eskaini nahi dituzte, entrenimenduaz gainera bestelako helburu hezitzailerik dutenak.
Hartara, genero eta estilo anitz elkartuko dira mundu osotik ekarritako filmez osaturiko sorta hauetan. Abenduaren 14tik 16ra egingo dute lehenengo erakustaldia, Gasteizen, eta txikienei zuzendutako filmak proiektatuko dituzte. Gazte zein nerabeei zuzendutako atalari dagokionez, martxoaren 22tik 24ra gauzatuko da, Laudion.
Saioez gain, egitaraua osatuko duten hainbat jarduera paralelo ere antolatu dituzte. Hala, tailer zinematografikoak egingo dituzte egunotan, Gabonetako programazio berezia eskainiko dute Gorbeia zinema aretoetan (abenduaren 22tik urtarrilaren 5era), edota Naturalario erakusketaren emanaldi ibiltariak egingo dituzte Arabako hainbat lekutan.
Sinfonia bisual bat
Bihar abiatuko dute programa, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. 19:00eta hasiko da emanaldia, eta Viaje por los afectos film laburra aurkeztuko dute ikasleek. Ondoren, 20:30ean, Itziar Garalucek eta Guridi Orkestra Sinfonikoak egindako sinfonia bisual bat antzeztuko dute.
Ikusi hemen programazio osoa.