Orain dela pare bat aste ZINEAko Jon Sanchez blogariak VOD (Video On Demand) plataformen auzia jorratu zuen -Filmstruck zerbitzuaren itxiera aitzakia hartuta- Dark Side Of The Stream sarreran. Artikulua irakur dezazuen gomendatzen dizuet, izan ere, hausnarketak bideo eta dokumental oso interesgarriekin tartekatu ditu. Jarraian datozen lerrook berari lapurtutako esaldi batetik abiatuz idatzi ditut, gaiak adar asko baititu, eta nik ere aletxo bat jartzeko aprobetxatu nahi izan dut:

“Streaming plataformen lehen gerra handia bizitzen ari gara, eta titulu handiak dira arma boteretsuenak”

2017ko Cannesko zinema jaialdian zalaparta sortu zuen Bong Joon-ho hegokorearren Okja (2017) lanak, Netflix-ek ekoiztutako pelikula bat lehian jarri baitzuten lehen aldiz. Aurten, neurriak hartu eta guztiz debekatu dituzte, eta ondorioak latzak izan dira. Coen anaien The ballad of Buster Scruggs (2018) westernak, The other side of the wind (2018) Orson Wellesen film bukatugabeak eta Alfonso Cuarón mexikarraren Roma filmak Frantziatik ihes egin dute, Veneziako Mostrara.

Baina polemikak aurrera darrai. Italian ez dute ulertzen nolatan beraien jaialdi kuttunean Urrezko Lehoia irabazi duen lan miresgarriak ez duen merezitako ohiko ibilbide komertzialik izango. Cineteca di Bolognaren babespean, abenduaren 3tik 5era baino ez dute herritarrek zinema aretoetan Roma lanaz gozatzeko aukera izan. Espainiako Estatuan, hain zuzen ere, iragan asteazkenean pantailaratu zuten Madrilgo eta Bartzelonako Verdi aretoetan eta Malagako Albéniz zineman. Ostiral honetan, ordea, Netflix-en estreinatuko da behingoz, eta, printzipioz, ikus-entzule “nostalgikoek” ezin izango dute “modu tradizionalean” filma ikusi. Errurik edo erantzukizunik bota dakioke VOD zerbitzuari? Zuzenean ez behintzat.

Cuaronek, Twiter bidez zabaldutako txio batean, Roma eskaini nahi duten aretoei dei egin die, izan ere, hainbat herrialdeetan, baita Mexikon bertan ere, banatzaile komertzialek eta aretoek boikot egitea erabaki dute “esklusibitate printzipioarekin” bat ez datorrelako. Lau hilabete eskatu omen dituzte, baina noski, auzi gazte bat baino ez da oraindik, arautu gabekoa, eta espero bezala Netflix-ek ez du baldintza onartu. Baina zertara datoz Cuaronen aldarrikapen hauek? Beharbada akordio jakinen bat sinatuta izango dute bi parteek, baina, zergatik egin beharko luke bere filma ekoizteko erabaki duen zerbitzuak salbuespen bat? Veneziako Mostrako garaile suertatu delako agian? Arrazoi nahikoa al da?

Zinema aretoetan agian ez, baina online estreinaldiaren aurretik azkenaldian indarra hartzen ari den ekimen bat egingo dute Mexiko Hiriko Los Pinos Kulturguneko lorategian: Doan eskainiko dute Roma filma 3 mila ikusle batuko dituen emanaldi berezi batean. Jada, irailean Italia osoko unibertsitate, plaza eta zentro sozialetan ekin zioten antzeko ekimenari Sulla mia pelle pelikula bortitzarekin. Bertan herrialdean zeresan handia eman zuen Stefano Cucchi erromatarraren azken egunak erakusten ditu Alessio Cremonini zuzendariak. Momentuz, ikusteke dago kalean, denon eskura, era honetako emanaldiak bultzatzeko joera aldarrikatzaile hau tendentzia bilakatuko den edo ez.

Kontua da ekoizpen garrantzitsuak bereganatzeko estrategia martxan jarri zutenetik, streaming zerbitzuen mehatxua puri-purian dagoela, eta sare sozialak zeruan adina izar iritziz betetzen ari direla. Kulebroi amaigabe horietako bat bihurtzera kondenatuta dagoen auziak zeresana ematen jarraituko du, eta Martin Scorseseren The Irishman oraindik ere estreinatzeke dago. Momentuz,  Roma filmak asteburuan utzi dituen emaitzak ikusi eta aztertu beharko dira. Batetik: filma proiektatu duten aretoak bete diren (Frantzian ez dute saiorik izango), zer nolako harrera izan duen, ikusleek saio gehiago eskatuko dituzten… Bestetik: online estreinaldiaren datuak ezagutzea ere interesgarria litzake, balorazioak egin ahal izateko, polemikaren pizgarri moduan baino ez bada ere.

Printzipioz, argi dagoena da, VOD plataformek zinemaren eztabaida ontologikoan, leiho berri bat ireki dutela soinuak, koloreak, digitalak, 3D-ak egin bezala. Hurrengo pausoa ere ate-joka dugu, Netflix-ek dekadentzian dauden zinema aretoak erosteko interesa duela dabil sareetan bolo-bolo. Hala, bere filmek pantaila handian estreinaldia izango lukete (Cannesko jaialdiarekin izandako afera konpontzeko bidea izan daiteke), baina ekoizpen-etxeen totalitarismo tradizionalera bueltatzeko arriskua ere hor dago, hau da, Hollywoodeko Studio System horretara non Majors delakoek filmaren ekoizpena, banaketa eta erakusketa beregain hartzen zuten.