Abian da DA, 2018ak eman dituen euskal argitalpen eta sorkuntza askotarikoak biltzen dituen merkatua. Kulturzale euskaldunon topaleku izan ohi da urtero Gerediaga erakustaretoa azokak irauten dituen egunetan, eta jende pilaketaren aitzakiaz baliatuko da Telmo Esnal Dantza filmaren aurkezpena egiteko. Gaur, abenduaren 5ean, egingo dute aurrestreinaldia, 20:30ean, Zugaza Zineman.

Dantza tradizionalaren unibertso hipnotikoa irudikatzen du filmak. 250 dantzari baino gehiagok hartu du parte tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei gorazarre egiten dion kantu poetiko honetan. Asmo handiko sormen-apustua egin du Esnalek, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzekin elkarlanean. Jauregik zuzendu ditu bertan islatzen diren unibertso estetiko zein bisualak, eta Urbeltzenak izan dira ikuskizun errodatua gorpuztu duten koreografiak.

Juan Antonio Urbeltz berak lagunduko du Esnal gaurko aurkezpenean, eta bera izango da ere pelikularen harira, azokak irauten duen egunetan egingo dituzten ekitaldi guztien protagonista. Hala, estreinaldi nagusiaz gainera, mahai-inguru berezi bat antolatu dute abenduaren 8an, larunbatean, 15:00etan, Gerediaga pabiloian. Egun berean, gainera, Dantza Urratsak proiektua aurkeztuko du Esnalek, 19:00etan, Irudienea gunean. Juan Antonio Urbeltz koreografoaren ikerketa eta sortze-lanak jasotzen dituen zazpi pieza desberdinek osatzen dute ikus-entzunezkoa, eta horietatik lehenengoa da Durangoko Azokan aurkeztuko dutena.