Konfiantzaz

Film baten estreinaldian izan nintzen joan den astean. Ama-alaba baten harremana kontatzen du filmak, denbora luzez kontaktu gutxi eduki ondoren, elkarrekin egun batzuk igaro behar dituztenak.  Aktoreen lanak liluratu egin ninduen: horren naturala zirudien eta aldi berean horren gertukoa, horren identifikagarria. Filma amaitzean lan taldeari galderak egiteko aukera eduki genuen eta bertan argitu zuten bi protagonisten elkarrizketa guztiak inprobisatuak zirela. Zuzendariak eta gainontzeko aktoreek gidoia jarraitu zuten, baina ama-alabarekin egindako lana bestelakoa izan zen: zuzendariak eszenak aurkezten zizkien, abiapuntu bat eta helmuga bat finkatuz, eta haiek topatu behar zuten ‘A’ puntutik ‘B’ puntura iristeko bidea. Gainera, amaren papera egin zuen 70 urte inguruko emakumeak sekula antzeztu ez zuela ere jakin genuen.

Oso okerra den arren, zuzendari bezala, instrumentutzat hartu izan ditut beti aktoreak. Argiak edo atrezzoa balira bezala; leku batetik bestera mugitu daitezke eta behin egin behar dutena finkatu ostean ez zaie denbora gehiegi eskaini behar. Urte luzez antzerkian (aktore oso kaxkar bezala) ibili den norbait izanik, oso ondo ulertzen dut aktoreen sentikortasuna. Haiek dira aurpegia jartzen dutenak. Haien gorputza, haien beldurrak, bizipenak, energia, azala. Egoera delikatua da. Aktoreek zenbaitetan itsu-itsuan betetzen dute zuzendariak eskatzen dietena, konfiantza guztia haren talentu eta sen onean jarrita. Eta, aldiz, film bat egiteak dakarren nahasmen eta estresak eraginda, ahaztu egiten dut aktoreak zaindu egin behar diren pertsonak direla; haien beldur, bizipen, energia eta azalarekin.

Joan den asteko filma konfiantza ariketa izugarria iruditu zitzaidan: batetik aktoreek zuzendariarengan jarri zutena, arriskatua dirudien lan egiteko era horrek funtzionatu egingo zuela sinestean, eta bestetik, zuzendariak aktoreengan jarritakoa, zeinak argi zuen pertsonaiak horren landuak egonda eta ezarri zuen familiarteko giro goxoak eraginda, bi aktoreen arteko elkarrizketak bakarrik irtengo zirela. Emaitzak konfiantza hori islatzen du: filma aberasten duen konfiantza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude