Laboaren unibertsoa, pantaila handira

Hamar urte bete dira abenduaren 1ean Mikel Laboa musikari eta artista polifazetikoak utzi gintuenetik. Oroitzapenak, kantuak, doinuak… bizitza oso baten obra utzi zigun oinordetzan, eta baita bere pertsonaren inguruan egindako hainbat ikus-entzunezko ere. Hamar urteko efemeridearen harira, Gu, Laboa dokumentala aurkeztuko du Baleukok.

Hamar urte dira Euskal Herriko ahots nagusienetako bat itzali zenetik, baina gaur egun bere unibertsoak bizirik dirau. Horixe da, Iban Gonzalezek zuzendutako lanaren xedea: Mikel Laboaren ondarea aztertzea.

Donostian egingo dute aurrestreinaldia, abenduaren 4ean, Victoria Eugenia antzokian. Laboaren gertuko senideak eta filma osatu duen talde tekniko zein artistikoa izango dira saio horretako gonbidatu nagusiak. Publiko orokorrago bati dagokionez, hurrengo egunean, abenduaren 5ean, edukiko dute filma ikusteko aukera lehen zortedun batzuek, Durangoko Azokan egingo duten proiekzio berezian. Saioa Irudienea gunean egingo dute, Zugaza zinemetan, 19:00etatik aurrera.

Egun berean, halaber, EITBko euskarazko katean (ETB1) emitituko dute filma.