Abenduaren 6an, euskal animazioa hizpide Durangoko Azokan!

Badator urteroko zita, Zineako lagunok Durangoko Azokako Irudienea gunean antolatzen dugun mahai-ingurua! Laugarren edizio honetan ‘Animazioa Euskal Herrian: Zer gertatzen ari da?’ gaia jorratuko dugu, eta horretarako, punta-puntako lau gonbidatu izango ditugu alboan abenduaren 6an, 11:00etan, Durangoko Zugaza zinemetan.

Badira lau urte euskal zinema industriaren belaunaldi berriaz mintzatzeko lehen zita egin genuenetik, eta urteak aurrera, gure ekoizpenez zein sortzaileez gehiago jakiteko baliatu dugu Irudieneak eskaintzen digun espazio txiki eta atsegina.

Besteak beste, Irune Gurtubai ekoizlea; Lara Izagirre, Iratxe Fresneda eta Maria Elorza zinegileak; Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga aktoreak; Angel Aldarondo, Amaia García eta Aitor Abaroa kazetari eta zinema-adituak; Amaia Serrulla Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidea; Miren Manias ikertzailea; eta Santi Leoné historialari eta zinezalea izan ditugu mintzakide.

Aurtengoan, animazioak bizi duen goraldia baliatuta, Animazioa Euskal Herrian: Zer gertatzen ari da? Izenburua jarri diogu solasaldiari, eta lau izango dira gonbidatuak: Xegun Altolagirre gidoigile eta sortzailea, Esther Cabero film laburren Kimuak katalogoko koordinatzailea, Juanjo Elordi animazio zuzendaria eta ekoizlea, eta Izibene Oñederra animaziogilea eta EHUko irakaslea.

Euskal animazioaren bilakaeraz, bikoizketak eskaintzen dituen aukerez, tokiko proiektuen nazioarteko proiekzioaz, helduentzako animazioaren mugez, teknika eta estilo ezberdinez, ekoizpen epeez eta prozesuez, animazioaren modaz eta askoz gehiagoz hitz egingo dugu haiekin eta bertaratzen zareten guztiekin.

Zure ekarpena egitea gustatuko litzaizuke? Badituzu gaiarekin lotutako galdera/zalantzak? Etorri abenduaren 6an, osteguna, 11:00etan Durangoko Azokako Irudienea gunera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude