55 film hartuko ditu Bibao Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialak

Aztarnei segika, aztarna utzi nahian, badator Bilboko Mendi Film Festivalaren 11.edizioa. Abenduaren 7an hasi, eta hilaren 16ra arte luzatuko da jaialdia, eta horixe du aurtengo leloa: #Aztarnak. Aste honetan aurkeztu dute ekitaldia, eta, besteak beste, jakin dugu 55 film hartuko dituela sail ofizialak.

Mendia eta arriskuzko kirolak oinarri dituen pelikulak biltzen dituen zinemaldia da Mendi Film,  eta 11.edizioa izango du aurtengoa. Generoa ardatz hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten da urtero jaialdiaren deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… Aurtengo edizioak jasoko dituenak, 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izango dira.

Jabier Baraiazarra jaialdiko zuzendariak aurkeztu zituen datuak asteon eginiko aurkezpen agerraldian: orotara, 158 lan aurkeztu dituzte lehiaketara bost kontinenteetako 32 herrialdetatik. Denak aztertu eta gero, 58ko hautaketa finala egin dute: horietatik 55 lehiatuko dira Sail Ofizialean eta beste hiru estreinatu berri den Zabalandi atalean. Horiez gain, Mendi Short lehiaketan gailendutako dokumentala ere izango da ikusgai.

Urtero bezala, euskal jatorrizko filmen ordezkaritza txiki bat egongo da hautaturiko film horien artean. Bada, lau dira euskara hutsean ekoiztu eta Sail Ofizialean izango diren lanak: Pastoreak (Eukeni Arriourtua), Tor (Mikel Urresti eta Iñaki Urresti), Marierrauskin (Alex Areizaga eta Oier Plazaola) eta Bayandalai-Lord of the Taiga (Pablo Vidal eta Aner Etxebarria). Horietaz gain, Aralar, Mundua leku den Lurra (Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Aloña Jauregi eta Ion Fontenla) eta South Lines: Aymar Navarro &  Txema Trull (Aymar Navarro, Txema Trull eta Adrià Millan) filmak hartuko ditu Zabalandi atalean.

Gaiaren inguruan sortutako puntako ikus-entzunezko ekoizpenez gainera, zuzendari eta kirolari ezagun andana izango da ere Bilbon. Zinegileei dagokienez, Lara Izagirre, Michael Brown, Peter Mortimer, Lukasz Borowski, Arunas Metelis, Ben Sturgulewski izango dira, besteak beste, beren lanak jaialdi bilbotarrean aurkeztuko dituztenetako batzuk. Filmen protagonisten kasuan, bestalde, Tommy Caldwell eskalatzailea, Kepa Acero surflaria eta Sean Villanueva itsasgizona, Silvia Trigueros mendi lasterkaria, Leo Houlding alpinista edota Pou Anaiak nabarmendu dituzte.

Sariak

Orotara, 23.000 euro banatuko dituzte saritan (Sari Nagusia, Zuzendari Onena, Argazkilaritza Onena, Gidoi Onena, Epaimahaiaren Saria, Euskarazko film Onena, Mendiko Film Onena…), eta abenduaren 15ean aditzera emango dituztenak. Baina lehiaketara aurkezturiko filmei aitortza egiten dieten sariez gain, bestelako sarituak ere iragarri dituzte: Alde batetik, Juanjo San Sebastian mendizale eta idazle bilbotarrak jasoko du aurtengo edizioaren WOP – The Walk On Project Fundazioa Saria, mendizaletasunaren giza balioen defentsari eta transmisioari aitortza egiten diona. Bestetik,  Kurt Diemberger izango da bigarren omendua, eta IAMF – International Alliance for Mountain Film elkargoaren sari nagusia jasoko du.

Erakusketak

Mendi Film Festival jaialdiaren bereizgarrietako bat, dena den, mendiarekin eta kirol-zinemagintzarekin lotutako ekintza osagarrien eskaintza da. Aurtengoan, hain zuzen ere, hainbat erakusketa antolatuko dituzte:

  • Euskal Museoan, Everest: Herri oso bat gailurrean komiki liburua nola egin den aurkezten duen erakusketa eta Mendi bete diru erakusketa (azaroaren 27tik 2019ko urtarrilaren 31ra)
  • Zabalguneko Mendi BC-n Jim Herrington-en The Climbers argazki-erretratuak (abenduaren 3tik 31ra)
  • CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako ale onenak Bilboko Metroko Abando eta Moyua geltokietan eta Sala BBK-n erakutsiko dira.

Horiez gain, hainbat hitzaldi eta agerraldi ospatuko dira jaialdiaren baitan. Film guztien sinopsiak, sariak, erakusketak eta bestelako informazio zehatzagoa: Bilbao Mendi Film Festivalaren atari nagusian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude