Euskal ordezkarien protagonista  izan zen Donostia Zinemaldiko iragan edizioan, Euskal Zinemaren Galan egiten duten emanaldian proiektatzeko film gisa aukeratu zutenean. Azken bidaia egingo du orain Lezo Urreiztieta itsas-gizonak: Josu Martinez zinegilearen Jainkoak ez dit barkatzen filmak emanaldi sorta abiatu berri du, Euskal Herriko zinema aretoetan barrena.

XVI. mendeko pirata bat izan zen Lezo Urreiztieta, okerrez 1907. urtean jaiotakoa. Bere bizia arriskuan jarri, eta ehunka pertsonena salbatu zuen; Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerritar gobernuekin; Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean; Franco akabatzear egon zen…

Hura hil eta berrogei urtera, Martin Ugalde idazlearen magnetofonoak haren istorio sinestezina ezagutaraziko digu, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Bi protagonistak elkarrekin 1975. eta 1978. urteen artean izandako elkarrizketa batzuetatik abiatu da Josu Martinez zuzendaria kontakizuna eraikitzeko, eta horien bidez, XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen pertsonaia baten lekukotza jasoko dugu.

Azken bidaia, publikoaren harrerarena, abiatu du orain Martinezek. Hazparnen estreinatu zuten filma larunbatean, Santurtzin egin zuten emanaldia igandean eta, hortik aitzina, hogei aurkezpen baino gehiago egingo dituzte datozen asteetan. Guztietatik bereziena izango da, akaso, abenduaren 21ean Luancon (Asturias) egingo dute proiekzioa. Izan ere, 70 urte beteko dira aurten Urreiztieta Asturiasera joan, eta bertan 11 urtez iraun zuten gerrillariak barkuz jaso eta erbestera eraman zituenetik. Emanaldira bertaratuko dira Urreiztietak salbatu zituen gerrillari horien senideak.

Hauek dira, momentuz, lantaldeak egingo dituen aurkezpen emanaldiak:

  • Azaroak 30. Donibane Lohizune: Le Select Zinema aretoa, 19:00etan
  • Abenduak 3. Bilbo: Bizkaia Aretoa (EHU), 19:00etan
  • Abenduak 4. Andoain: Bastero Kulturgunea, 19:30ean
  • Abenduak 5. Donibane Garazi: Le Vauvan, 20:30ean
  • Abenduak 6. Durangoko Azoka: Irudienea gunea, 19:00
  • Abenduak 7. Maule: Maule Baitha zinema, 20:30ean
  • Abenduak 11. Donapaule: Sain-Louis zinema, 20:30ean
  • Abenduak 15. Lezo: Gezala Auditoriuma (ordua zehazteke)
  • Abenduak 18. Kanbo: Zinema aretoa, 20:30ean
  • Abenduak 18. Hendaia: Les Varietes, 20:30ean
  • Abenduak 19. Azpeitia: Soreazu Antzokia, 21:00etan
  • Abenduak 21. Luanco (Asturias): Itsas-museoan, 19:00etan
  • Abenduak 22. Oviedo (Asturias). Zehazteke.
  • Urtarrilak 10. Iruñea: Nafarroako Filmategia, 20:00etan
  • Urtarrilak 18. Ezkarotz: Gartxot Eguna, 12:00etan
  • Urtarrilak 23. Gasteiz: Oihaneder Etxea, 19:00etan
  • Urtarrilak 25. Arrasate: Kulturartea Aretoa, 19:30