Zuzendaria: Aberto Brechner
Urtea: 2018
Herrialdea: Uruguay-Argentina-Espainia
–Garaitu bakarrak makurtzen direnak dira–
Uruguain diktadura militar bat egon zen 1973tik 1985ra, eta 12 urte gogor horietan atxilotuak izan ziren Tupamaroen Mugimenduko bederatzi partaide kartzelaz kartzela etengabe aldatu zituzten. Militar batek esan zien: “ezin izan zaituztegunez hil, orain erotu egingo zarete”. La noche de 12 años filmak horietako hiruren istorio gogorra kontatuko digu, Eleuterio Fernández Huidobrorena, Mauricio Rosencofena eta, gerora, Uruguaiko presidente izango zen José “Pepe” Mujicarena (hurrenez hurren, Alfonso Tortek, Chino Darínek eta Antonio de la Torrek bikainki antzeztuak).
Filma zinemaldi ugarietan ikusi da, Veneziako Mostran (Orizzonti saila) eta Donostia Zinemaldian (Horizontes Latinos saila) besteak beste, guztietan kritika onak zein sariak jasoaz (Tesalonikan eta Biarritzen publikoaren saria, adibidez), eta Uruguaiko hautagaia da Oscar sarietarako. Álvaro Brechner zuzendari uruguaitarrak Rosencof eta Huidobrok idatzitako “Memorias del calabozo” liburu-elkarrizketa eta hirurekin izandako solasaldiak oinarri hartuta gidoi bat idatzi zuen, eta filmazioa Segoviako, Madrileko, Nafarroako eta Uruguaiko leku desberdinetan egin zuten. Nabarmenenak, San Kristobal nafar gotorlekua eta Libertad presondegi uruguaitarra izan ziren, toki ikaragarriak benetan.
Sufrimenduaz eta torturaz (fisikoak badira, baina batez ere psikologikoak) osatutako istorioa hunkigarria eta batzutan jasangaitza da La noche de 12 años, baina filmak duen dohairik handiena Brechnerek lortu duen egiazkotasuna dela uste dut. Hiru presoen azalean jartzea lortzen du filmak, eta amaigabeko bakardadean dituzten haluzinazioak eta paranoiak gordinki erakutsiak dira, preso hartu aurretik bizi zituzten uneak ere gogoratuz. Horrela, gizonezko aktoreen lana txundigarria da, batez ere fisikoki eta psikologikoki arras neketsua izan zelako (bakoitzak 15 kilo inguru galdu zituzten), eta eman dituzten elkarrizketetan bereziki hori azpimarratu dute, filmazioaren zailtasun handia.
Edonola ere, emakumezko aktoreen lana nabarmentzekoa da baita ere: Silvia Pérez Cruz abeslaria (Tres locuras eta Paul Simonen The Sound of Silence abestiaren bertsio liluragarriak ere entzuten dizkiogu), Soledad Villamil eta Mirella Pascualena bereiziki. Azken honek, José Mujicaren ama antzezten du, eta eszena gutxi batzuekin erakusten duen duintasunak aho bete hortz utziko gaitu. Batik bat bere semearekin duen elkarrizketan, gizona zoratzeko zorian ikusterakoan eusteko errepikatzen dionean, Mujica berak esango lituzkeen hitzak esanez: “Garaitu bakarrak makurtzen direnak dira”.
Brechnerek bere hirugarren fikzioan ez du birsortze historiko bat sortu. José Mujicak argi utzi zion ez zuela lehenaldiko zerbait egitea nahi, berak ez baitu atzera inoiz begiratzen, aurrera egiten du beti. Horrela, hiru protagonistek filmaren amaieran askatasuna berreskuratu ostean, azkeneko irudi batean, Mujicak (Antonio de la Torre) bere ama besarkatzen duen bitartean, atzerantz begiratuko du, baina zuzendariak argi utzi duen bezala, “Mujicaren begirada hau atzerantz egingo duen azkena izango da, gero beti aurrera egingo baitu”.
La noche de 12 años Mujicak, Rosencofek eta Huidobrok pairatu zituzten ia 4000 egunetan izandako barne bidai existentzial bat da, gizakiok dugun bizi irauteko indarra agorrezina dela erakutsiz. Isiltasunean, bakardadean, erokerian, sufrimenduan, torturan… gizakiak borrokari eutsi diezaioke. Gauaren ostean, beti egunsentia baitator.