Ikus-entzunezko proiektu berritzaileak lagunduko ditu 2DEOk

Egitasmoak beteko duen espazio fisikoa atondu lanetan ari dira oraindik, baina abian da jada 2DEO – Euskarazko Ikus-entzunezko Edukiak Sortzeko Laborategiaren jarduna. Proiektu berritzaileak bultzatuko dituztela iragarri berri dute, abenduaren 10era arte luzatuko den deialdi baten bitartez.

Orain hilabete batzuk, uztailan hain zuzen ere, aurkeztu zuten 2DEO egitasmoa. Milioi bateko laguntza eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakalerari proiektua martxan jartzeko, eta Iban Arantzabalek koordinatuko du hasierako fasean. Lan-ildo zehatz batzuen inguruan egingo gauzatuko dute haien jarduna: sorkuntza gunea den aldetik, sormenera bideratuko dira laborategiaren jarduera nagusiak, baina ezinbestekoa izango dute ere industriaren parte hartzea ideia berrien kabi eta erakusleiho izateko.

Hala, ikus-entzunezko sektorearen eragile nahiz norbanakoei zuzendutako deialdia aurkeztu berri dute. Proiektuen esperimentazio faseari babesa ematea da programaren helburu nagusia, eta kontzeptuen garapenetik hasita, lehen produktua ekoiztera arte lagunduko ditu. 6 hilabeteko denbora epea emango diete lan hautatuei ideiaren garapenerako, eta proiektuak garatzeko lekua, baliabideak eta diru-laguntza jasoko dute, sektoreko agente ezberdinekin lankidetza harremanak sortzeaz gainera.

Deialdian parte ahal izango dute ikus-entzunezko sektorean proiektu bat garatu nahi duten pertsona fisiko zein juridiko orok, baldin eta Euskal Herrikoak diren, bertan jarduten duten, edota sektore horretan ekin nahi dioten ibilbide profesional berri bati. Proiektuak baloratzeko batzorde misto bat osatuko du Tabakalerak, eta hurrengo irizpideak hartuko dituzte kontuan:

  • Ideia berritzailea izatea, originala. Antzekorik ez egotea Euskal Herrian.
  • Formatu zein estetika berriak arakatzea.
  • Euskara ardatz izatea.
  • Seriablea izatea, edo formatua errepikatzeko aukera ematea.
  • Sormen kalitate altukoa izatea.
  • Tabakalerak dituen bitarteko eta espazioetara egokitzapena.
  • Tabakalerak zein 2DEOK sustatzen dituzten interes ildoetara egokitzea.
  • Proiektuaren irisgarritasuna eta eraginkortasuna.
  • Erreferente berriak sortzeko baliagarri izatea.

Izena emateko epea 2018ko azaroaren 27tik abenduaren 10era arte egongo da zabalik, eta abenduaren 21ean ezagutaraziko dute deialdiaren emaitza. Hauek dira, izen emate orriarekin batera, hautagaiek 2deo@tabakalera.eu helbidera bidali beharrekoak: proiektuaren azalpena, motibazioa, aurrekontu desglosatua, egutegia eta CV dokumentua, webgunea edo aurreko lanak erakutsiko dituen euskarriren baterako sarbidea.

Azkenik, komisioak deialdia hutsik jo ahal izango duela adierazi du, baldin eta proiektu hautagaietako bakar batek ere ez balu bilduko meritu nahikorik lehen atala gauzatzeko. Oinarri edota parte hartzearen inguruko informazio gehiago beharko bazenute, jo Tabakaleraren webgunera edota 2deo@tabakalera.eu helbidera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude