Abenduaren 5etik 9ra luzatuko den 53. Durangoko Azokaren edukien aurkezpenarekin batera, gune bakoitzaren programazioa ezagutarazten ari dira egunotan ekitaldiaren arduradunak.  Ikus-entzunezko urteko ekoizpen interesgarrienak biltzen dituen Irudienea gunea aletuko dugu guk, dozenatik gora lan ikusi ahal izango baititugu bertan. Hilaren 6an, gainera, Animazioa Euskal Herrian:  Zer gertatzen ari da? solasaldia antolatuko dugu Zinea atariko kideok.

Film laburrak, luzeak, dokumentalak, animazioak… azken urteak emandako ekoizpenen lagin erakargarria prestatu dute, beste behin, Durangoko Azokaren Irudienea gunean. Erakustaldiak iraungo dituen bost egunetan zehar, ikus-entzunezko emanaldiez, eta gaiarekin lotura duten solasaldi zein aurkezpenez beteko dira Zugaza zinemak.

Tartean izango dira, besteak beste Gure Oroitzapenak (2018), Sarrionandia sortzailearen obran oinarrituta, autore ugariren artean sukaldatutako film kolektiboa; Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, 2018); Errementari (Paul Urkijo, 2018); Soinujolearen Semea (Fernando Bernues, 2019); Margolaria (Oier Aranzabal, 2018); Oreina (Koldo Almandoz, 2018); edo Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez. 2018) film luzeak. June (2018), Lou (2018) eta Kimuak sortaren barruan aurkeztutako zenbait film labur ikusteko aukera izango dugu ere, bai eta etxeko txikienei zuzendutako hainbat animazio ere bai, Paddington (2018) filma esaterako.

Proiekzioez gain, gainera, ikus-entzunezko munduarekin lotutako beste zenbait ekintza programatu dituzte ere. Hala, ostegunean, abenduaren 5ean, ikasleen eguna izango dela baliatuta, Soinu Efektuak Zinemagintzan lantegia antolatuko dute, goizez zein arratsaldez. Gainerako egunetan, halaber, haurrentzako bikoizketa tailerrak, HIRU3 Komunitatearen jaia eta bestelako aurkezpenak egingo dituzte ere.

Programazioa osorik kontsultatu dezakezue Irudienearen atarian.

ZINEAren mahai-ingurua

ZINEA atariko lagunok ere gure ekarpen txikia egingo dugu, eta abenduaren 6an, ostegunean, goizeko 11:00etatik aurrera, Animazioa Euskal Herrian: Zer gertatu da? izeneko mahai-ingurua antolatuko dugu. Animazioak azken urteetan bizi duen gorakadatik abiatuta, honen bilakaera, alde positiboak, proiekzioa, mugak… aztertuko dutugu, ordu eta laurdeneko iraupena izango duen saio batean. Gonbidatuen zerrenda laster jakinaraziko dugu, baina bitartean, saiora hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu! Zuen zain izango gara!