Zabalik da FANT jaialdiaren izen ematea

Inoiz baino bereziagoa izango da 2019ko FANT – Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia. ‘Ezusteko asko’ eta ekitaldi berezi andana iragarri dituzte antolatzaileek zilarrezko ezteiak ospatuko dituen jaialdiaren edizio berrirako, gutxika, ekitaldia hurbildu ahala, aletzen joango direnak. Datorren urteko maiatzaren 1etik 11ra ospatuko da, eta lanak bidaltzeko epea zabaldu dute momentuz, martxoaren 1a arte luzatuko dutena.

Ospakizunak albo batera, urteroko plangintzari helduko dio jaialdiak oinarrian. Sail Ofiziala izango da lehiaketaren arlo nagusia, eta urteroko sari berdinak banatuko dituzte: 3.500 euro film luze onenari, 2.250 euro Panorama Fantastiko sariketako film luze onenari. Horiez gain, gidoi onenari saria, zuzendaritza berritzailearena (FAS zineklubaren eskutik), eta azken urteetan fantasiaren munduan gora egin duen protagonistaren bati aitortza egiten dion Fantrobia sariak emango dituzte ere.

Film laburrak izango dira jaialdiak sukaldatuko duen bigarren plater nagusia. Ohi bezala, 3.000 euroko bi sari eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur onenarentzako 2.000 euroko saria banatuko ditu FANTek. Film luzeen kasuan bezala, Panorama Fantastiko sariketak aintzat hartuko ditu ere film laburrak, eta 1.500 saria emango dio onenari.

Kasu guztietan, 2019ko martxoaren 1a izango da lehiaketarako kopiak bidaltzeko azken eguna. Interesatuek, jaialdiaren webgune ofizialean dauden oinarrietan topatuko dituzue materialak aurkezteko prozedura eta gainerako informazio osagarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude