Urteko azken bihilekorako filmen erakustaldiari erreleboa hartuta abiatuko du Kresala Zineklubak urte berriari hasiera emango dion programaketa. Datorren astelehenean, abenduaren 3an, zabalduko dute ziklo berria, Hjartasteinn / Heartstone (Guðmundur Arnar Guðmundsson, 2016) lanarekin; eta urtarrilaren 20an itxiko dute, Madame Hyde (Serge Bozon, 2017) filmarekin.
Kresala Zinekluba kultura zinematografikoa zabaltzea helburutzat duen Donostiako elkarte bat da. 1972az geroztik, jatorrizko bertsioan eskaintzen dituzte filmak. Emanaldiak Trueba zinema aretoan egiten dituzte, astelehenero, arratsaldeko 19:30ean. Ohikoa da, gainera, saio bakoitzak gonbidatu desberdin baten laguntza izatea.
Bada, abenduaren 3an, datorren astelehenean, egingo dute denboraldiko lehen saioa, Guðmundur Arnar Guðmundsson islandiarraren Hjartasteinn / Heartstone filmaren aurkezpenarekin. Bertan, Islandiako herri batean bizi diren bi mutilen arteko adiskidetasuna, eta gerora, maitasun istorioak ezagutuko ditugu.
Astebete beranduago, abenduaren 10ean, egingo dute bigarrena, eta Juanmi eta Pello Gutierrez aita-semeak izango dira bertan bere azken proiektuak aurkezten: batetik Zain (Pello Gutierrez, 2018) film laburra, eta bestetik Baúles (Juanmi Gutierrez, 2018) dokumentala.
Gabonak igaro bitarteko geldialditxoa egingo du zikloak, eta urtarrilaren 14an berrartuko dituzte saioak. Juan Berastegik, Kresala Zineklubaren sortzaileak, aurkeztuko du egun horretako proiekzioa, eta In Zeiten des abnehmenden Lichts / En tiempos de luz menguante (2017) film alemaniarra izango da ikusgai.
Urtarrilaren 21ean egingo dute hurrengoa. Miren Mujikaren Shell Phone (2018) eta Anxos Fazánsen A estación violenta (2017) pantailaratuko dituzte, eta filmen egileak izango dira aurkezpena egiteaz arduratuko direnak.
Hilaren amaieran, urtarrilaren 28an alegia, egingo dute azkena. Josemi Beltranek, Donostia Kulturako zine arduradunak, egingo du egun horretan aurkezpena, eta Serge Bozon frantsesaren Madame Hyde (2017) filma izango da ikusgai.
Kresala Sariaren banaketa
Aipatutako zikloaz gain, emanaldi berezi bat prestatu du zineklubak abenduaren 19an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurtengo Kresala Saria emango diote orduan Sara Mazkiaran zuzendaritza laguntzaileari. Datorren astea zabalduko dute ekitaldiaren inguruko informazio zabalagoa, baina joan data zuen agendetan apuntatzen!