Dark Side Of The Stream

Duela gutxi, zinemaren kontsumo digitalarekin zerikusia duen gertaera tamalgarria jazo zen. Filmstruck plataformak, bere zerbitzua etetzeko erabakia hartu zuen. Filmstruck, Netflix, Amazon edo HBO plataformen negozio-logikan oinarritzen zen, baina bereizgarri garrantzitsuarekin: bere katalogoa autore-zineman eta zinemaren historian gako diren obretan oinarritzen zen, Criterion bilduma entzutetsua barne.

Badirudi, zinemaren historia handia osatzen duten filmeek ez dutela leku handirik streaming plataformen errealitatean. Baina ez hori bakarrik, Filmstruck plataformaren galera ez baita pasadizozko gertaera. Duela hamar urte inguru hasi zen zinemaren banaketa-eredu berriaren bilakaeraren fruitu da, katalogo errentagarrienaren bilaketaren ondorioa hain zuzen ere. Streaming plataforma handien katalogoa ikusi besterik ez dugu behar. Euren estrategia, ikusle kopuru handiena erakar dezaketen filmak erostea eta ekoiztea da, mainstream edukietan eta superprodukzioetan oinarrituz hein handi batean. Streaming plataformen lehen gerra handia bizitzen ari gara, eta titulu handiak dira arma boteretsuenak.

Zinemaren banaketa-ereduaren bilakaerak iragazki forma du. Eta formatutik formatura doan eraldaketa-prozesu horretan, obra asko gelditzen dira bidean. Egin dezagun jauzi iraganera, VHS-aren garai mitifikatura. Bideokluben ereduari esker, filme txiki askok banaketa handia lortu zuten. Baina kontsumo-ohitura DVD-ra pasa zenean, filme txiki horietako asko bihurketarik gabe gelditu ziren. Eta DVD-tik Blu-Ray-ra pasa zenean, gauza bera. Non daude orduan filme horiek guztiak? Zortea izan dutenak kalitate eskaseko VHS-rip eran aurki ditzakegu, Youtuben adibidez, edo aspalditik funtzionatzen ez duen Megavideo lotura batean.

Streaming plataformen arteko gerra iragazki-prozesu honetan oinarritzen da. Mundu-mailako kultura-homogeneizazioaren beste seinale bat da azken finean, nahiz eta askatasunez aukeratzeko ideia euren marketing estrategien funtsa izan. Baina agian, etorkizunean, plataforma hauek zinemaren historiako pelikula handien beharrizana izango dute… Nork daki?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude