Ikusmira Berriak egitasmoaren edizio berriko partaideak aurkeztu dituzte

Iragan irailean iragarri zuten Donostia Zinemaldiko ordezkariek iragarri bezala, Ikusmira Berriak programaren eredua aldatu dute. Egonaldi bikoitzekoa bilakatuko da aurrera begira, otsailean lehenengoa, eta uztailean bigarrena. Aurkeztu dituzte ekimenaren bosgarren edizioko egoiliar izango diren profesionalak.


Aldaketak iragartzearekin batera, abuztuan zabaldu zuten ere proiektua proposamenak bidaltzeko deialdia. Aurkeztutako 174 proposamenen artean, egonaldia egiten hasi zirenetik zifra altuena, Euskal Herria, Espainia, Argentina, AEBk, Brasil eta Suitzako bost aukeratu dituzte. Tartean dira Aitziber Olaskoaga bilbotarraren Jo ta ke, eta zinemaldiaren Nest Film Students atalaren azken edizioko bi parte-hartzaileren lanak, Rave Jacksonen All Dirt Roas Taste of Salt eta Martina Juncadellaren Un personaje volador.

Lau aste izango dituzte egoiliarrek beren proiektuak garatzeko, otsaila eta martxoa bitartean. Tarte horretan, ekoizle eta zinemagileen tailerretan parte hartuko dute, eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Martxotik irailera, bestalde, proiektuan lan egiten jarraituko beharko dute, baina tutoretza saioak online bidez egingo dituzte.

Irailean itzuliko dira berriz Donostiara, egonaldiko azken bi faseak osatzera. Merkatuaren inguruko ikaskuntza-tailer bat prestatuko zaie azken aldi horretarako, eta pitching saio batean parte hartzeko oinarrizko aholkuak jasoko dituzte. Azkenik, Zinemaldiko testuinguruaz baliatuko dira bertatik igaroko diren profesionalekin bilerak adosteko.

Proiektua garatzeko bitartekoak eskaintzeaz gainera, 25.000 euroko ordainsaria banatuko ditu programak hautaturiko proiektuen artean. Horrez gain, REC Grabaketa Estudioak postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, 35.000 eurotan zenbatetsiak.

Hauek dira, bada, proiektu hautatuak:

      • JO TA KE. Aitziber Olaskoaga (Bilbo, EH. 1980)
        1990. urtean Negu Gorriak taldeak lehenbiziko kontzertua egin zuen Herrera de la Mancha espetxearen aurrean. Beranduago, emanaldiaren VHSa jarri zuen salgai. Zinta hori sinbolo bihurtu zen ezker abertzalearen jarraitzaileentzat. Jo ta ke bideo-entseguaren abiapuntua irudi horiek dira, hain zuzen, baita zuzendariaren senideen oroitzapenak ere. Haren bidez, hausnartu egiten du nazio-identitatearen eraikuntzari eta aberriaren, aitaren eta abertzaletasunaren arteko loturari buruz. Proiektuak egilearen kontzientzia politikoaren susperraldia jasotzen du, euskal inguru politizatu eta polarizatu batean.
      • ALL DIRT ROADS TASTE OF SALT. Raven Jackson (Tenesee, AEB)
        All Dirt Roads Taste of Salt lan lirikoa eta ez-lineala da, oroitzapenen testura gogora ekartzen duena. Lanaren bidez, Amerikako hegoaldeko emakume beltz baten bizitza kontatzen digu: gaztetatik bizitzako azken urteetara arte.
      • ANTIER NOCHE. Alberto Martin (Madril – Suitza, 1986)
        Neguko hilabete hotzetan zehar, Extremadurako iparraldeko mendietan ehizara joaten dira. Ana (20) eta Juan Luis (25) bikote gaztea dira, eta erritual horretan txakurrak gidatu behar dituzte. Anak denboraldi bat darama herritik ihes egiteko eta hiriburura emigratzeko nahiarekin. Bikoteak elkarren arteko harremanaren baldintzak negoziatu behar ditu, eta elkarrekin jarraituko duten edo ez erabaki behar dute. Martín (11) Anaren neba gaztea da; haurra landa-eremuan hazten ari da, naturaren indarkeriaren albo-alboan. Behar bada, gaur egun banaketa bat irudikatzea desagertzen ari den mundu zaharraren eta agertzen ari den mundu modernoaren arteko haustura gogora ekartzea da.
      • SIN DOLOR. Michael Wahrmann (Brasil, 1979)
        Erretiroa hartutako bikote frantses batek abandonatutako etxe bat erosten du Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean. Irla haiek uste baino isolatuago dago. Baina, erositako lurraldera iritsi bezain laster, konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoez osatutako arrantzale-herri txiki bat dagoela. Herritarrek gorputzean dituzten orbainek hamarkadetan zehar gordetako sekretua ezkutatzen dute. Lanak lurrari eta mugei lotutako klase-borroka irudikatzen du, eta galderak planteatzen ditu mugei eta min mota ezberdinei buruz, beldurrezko thriller sozialen estiloa jarraituz.
      • UN PERSONAJE VOLADOR. Martina Juncadella (Buenos Aires, 1992)
        Amaren heriotzagatik doluan dagoenean, idazle bat Buenos Aireseko erdiguneko hotel mitikora lekualdatzen da. Bere hurrengo nobelari ekiten dion bitartean, hirian zehar noraezean ibiltzen da, ireki ezin duen margolan-biribilki batekin. Ezezagun batzuekin topaketa ustekabe bezain errebelatzaileak izan ondoren, bere egunak arraro bihurtzen dira. Gau luze batean, azkenean lortu egiten du bere amak utzitako obrak zabaltzea. Ordutik aurrera, ez da soilik bera izango: Pablo ere izango da, pizti neurrigabea eta samurra; Úrsula ere izango da, emakume kaustiko eta malenkoniatsua. Hiru nortasun, hiru bizitza, eta denak ala denak esperientzia berean bilduta.