‘Happy end’ filmaren emanaldia egingo du Filmazpitek Euskaraldian

Abiatu berri den Euskaraldia ariketa sozialarekin bat egin du Zineuskadiren Filmazpit egitasmoak.  Euskararen olatura batu, eta Happy End filmaren emanaldi berezia atondu dute azaroaren 27an, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan. Ondoren, Maider Oleaga zinegileak gidatutako solasaldia izango da.

Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta,  Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera, Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpititulu dun zinema zabaltzeko programa da Filmazpit. Publiko zabal batentzako erakargarri izan daitezkeen filmen aukeraketa bat egin, eta euskaraz azpititulatu eta gero, interesa izan dezaketen programatzaile eta eragile kulturalen eskura jartzen ditu katalogo baten bidez, inongo kosturik gabeko proiekzioak antolatu ditzaten.

Michael Haneke zinemagilearen Happy End (2017) da,  Euskaraldia dela eta, eragileak atondu duen emanaldirako hautatutako filma.  Egungo gizarte-errealitatearen erretratu gordina egiten du filmak. Bizi dugun munduaren dualtasunaren argazkia da, txanponaren bi aldeen erakusleiho bat. Calais inguruan enpresa handi bat duen familia burgesa da protagonista. Beste aldean, pausu batzuetara soilik, milaka errefuxiatu hartzen dituen kanpamendua dago.

Azaroaren 27an egingo dute (abenduaren 3ra arte, Euskararen egunera arte, luzatuko da Euskaraldia) proiekzioa, Donostian, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan. Filma ikusteaz gainera, haren inguruan euskaraz hitz egin eta entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek, Maider Oleaga zinegileak gidatutako solasaldia aitzaki. Ekitaldirako sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte, baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak jasotzea. Emanaldia jasoko duen antzokian jaso beharko dira hauek, Victoria Eugenian alegia.