Heldu da euskal zinemaren garaia! Abiatu dute ZINEGIN, Hazparnen ospatzen den euskal zinemaren jaialdia. Zazpigarren edizioa izango du 2018koa, eta azaroaren 22tik 25era bitarte ospatuko da. Ohiko aretoaren obrak medio, Urruña eta Donapaleu herrietara ere zabalduko dituzte aurtengo proiekzioak.

Eihartzea Kultur Elkarteak eta Ttattola gaztetxeak antolatuko dute Zinegin Hazparneko euskal zinemaren jaialdia, eta lau egunez, filmen proiekzioak, haurrentzako emanaldiak, bideo-poteoak, bertso saioak eta askoz gehiago egingo dituzte herriko Ttattola gaztetxean eta beste hainbat elkarteetan. Aurten, gainera, herriko Haritz Barne zinema gelan egiten ari diren konponketak medio, Urruñako Itsas Mendi zineman eta Donapaleuko Saint-Louis aretoan egingo dituzte ere emanaldiak. Hazparnetik atera, eta jaialdia herritik kanpo ezagutarazteko aukera ikusi dute horrela antolatzaileek.

Gure oroitzapenak filmak, Joseba Sarrionandia idazle durangarraren obran oinarritutako lan kolektiboak zabaldu zuen atzo egitaraua, eta, igandera bitarte, azken urteetako euskal ekoizpen interesgarrienen lagin bat izango da ikusgai egunero. Oier Aranzabal zarauztarraren Margolaria filmak itxiko du jaialdia Donapaulen. Saio guztietarako sarreral 3 euroan eskuratu ahal izango dira, haurrei zuzendutako Barriola, San Adriango azeria emanaldia izan ezik. Kasu horretan, doako sarbidea izango du.

Jarraian duzue jaialdian eskainiko dituzten filmen zerrenda:

  • Gure Oroitzapenak (Kolektiboa). Azaroaren 22an, 20:30ean, Hazparneko Berria Trinketan
  • Neskatoak (Jon Abril). Azaroaren 23an, 18:00etan, Urruñako Itsas Mendi zineman
  • Oreina (Koldo Almandoz). Azaroaren 23an, 20:30ean, Urruñako Itsas Mendi zineman
  • Barriola, San Adriango azeria. Azaroaren 24an, 10:00etan, Bardozeko zinema gelan —> HAURRENTZAKO EMANALDIA
  • Handia (Jon Garaño, Aitor Arregi). Azaroaren 24an, 15:30ean, Hazparneko Berria Trinketan
  • Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez). Azaroaren 24an, 18:00etan, Hazparneko Berria Trinketan
  • Basque Selfie (Joaquin Calderon). Azaroak 25, 15:00etan, Donapauleko Saint Louis zine gelan
  • Mai da bai eta ezetzik ez dago (Imanol Epherre, Eider Ballina). Azaroak 25, 17:15ean, Donapauleko Saint Louis zine gelan
  • Margolaria (Oier Aranzabal). Azaroak 25, 18:30ean, Donapauleko Saint Louis zine gelan

Egitaraua osorik kontsultatzeko eta informazio osagarria eskuratzeko, sartu jaialdiaren atarian.