Zabaldu dute 2019ko Laburbira zirkuitorako izen ematea

Zabalik da Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira film laburren ziklora lanak aurkezteko epea. Abenduaren 21a bitarte izango duzue aukera proiektuak helarazteko.

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Helburu birekin antolatzen du Laburbira zirkuitua Euskaltzaleen Topaguneak: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2019ko martxoaren 18tik apirilaren 17ra ospatuko dute, eta horretarako 2018an jasotako proposamen guztiak aztertu, eta zortzi film labur aukeratuko dituzte.

Deialdiaren baldintzak

Abenduaren 21a bitarte jasoko dituzte proposamenak, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: Euskarazko lanak izan behar dute, 2016 urtetik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak. Lanarekin batera, sortzailearen datuak, sinopsia, ikus-entzunezkoaren fitxa-teknikoa bidali beharko dira leire@topagunea.eus helbidera.

2019ko urtarrilaren erdialdera aukeratuko dira  XVI.Laburbiran herriz-herri eskainiko diren filmak, eta antolatzaileek iragarri dutenez, zenbait irizpide izango dituzte kontuan hautaketa errazteko: publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, genero zein lurralde aniztasuna, genero ikuspegia, euskalkien erabilera, umorea…