Estreinaldiak: Azaroak 23

Museo

Egiazko gertakari batean oinarritutako fima dugu hau, dokumentalaren osagaiekin sukaldatutako kontakizun fikzionatua.  1985an Mexiko Hiriko Antropologia Museo Nazionalean gertatutako  lapurreta mitikoa izango du hizpide, herrialdearen istorioan inoiz egon den krimenik garbiena.

Ostutako piezak, balio zenbatezinezko objektu prehispaniarrak izan ziren, eta ekintza bera arrakastatsua bezain apartekoa. Nazioarteko lapurrik onenen bila aritu zen polizia urteetan zehar, ezin imaginatu gaizkileak inongo esperientzia zein prestaketarik gabeko gazte marjinal bi izan zirenik.

The Children Act

Londresko Auzitegi Goreneko epaile entzutetsua da Emma Thompson aktoreak hezurtutako Fiona Maye protagonista. Famili zuzenbidean espezializatutako profesionala da, eta patuaren jokaldiz, senar-emazte krisi batean murgildurik ikusiko du bere burua.

Adan gaztearen kasua gurutzatuko da bere egunerokoan, eta horren eraginez, ordura arte bizitu ez dituen sentimendu berriak ezagutuko ditu emakumeak. Izan ere, inoiz erakutsi ez duen pasio eta grinaz defendatu eta gidatuko du mutikoa.

The Guilty

Denboraldi baterako bere polizia kargutik aldendu duten ofiziala da Asger Holm protagonista. Aldi baterako emergentzia zerbitzu baten operadore izendatu dute , eta oraindik bere zeregin berrira egokitzen ari dela, emakume beldurtu baten deia jasoko du. Hasieran zalantza eta kezka nagusituko badira ere, berehala ohartuko da telefonoz bestaldekoa bahiturik dagoen emakume bat delaz, eta haren bilaketari ekingo dio buru-belarri. Zentralitako mahaia ez den bestelako baliabiderik gabe, eta denbora aurka duela, emakumea aurkitu beharko du.

Nazioarteko hainbat jaialdi eta sariketatik igaro ostean helduko da filma zinema aretoetara.  Ugariak izan dira bideaN bildutako errekonozimendu zein aitorpenak (Sundance, Europar Zinemaren sariak, Seminci…), beraz, zilegitasun osoz esan dezakegu asteko harribitxiaz ari garela.

Three Faces

Bere familia tradizionalaren hegalpetik ihes egiteko laguntza eske agertzen den gazte baten bideo arduragarria jasoko du irandar aktore ezagun batek. Honek, Jafar Panahi zuzendari eta adiskidearen laguntzaz baliatuta, nezka gaztearen bizileku den herrixkarako bidea egiteari ekingo dio orduan.

Lekura heltzen direnean, gutxi beharko dute lurraldea gobernatzen duten arau eta ohiturak egun jasanezin eta onartezinak direnaz ohartzeko.

Superlopez

Beteranoenek aski ezagunak izango dituzue Juan Lopez protagonistaren abenturak (eta kaleturak!), baina gaztetxoenek orain duzue aukera Super Lopez, made in spain superheroia ezagutzeko.

Hegan egiten du, adimena irakurtzeko gai da, ikusmen gaitasun aurreratua du… baina bizitza zaila darama. Jaio zenetik zailtasun handia du bere dohain bereziak kudeatzeko, eta nekez lortzen du bizitza normala egitea. Luisa topatuko du orduan, institutu garaiko maitale zaharra.

Dieses bescheuerte Herz / Un corazon extraordinario

Oscar sarietarako borrokan lehiaturiko Marc Rothemund zuzendariaren azken lana dugu hau. Oraingoan “bon vivant” bizimodua daraman 30 urteko gazte bat eta bihotzeko gaitza pairatzen duen nerabe bat elkartuko ditu, erantzukizunaren inguruko istorio eder bat errodatzeko.

Gaztarotik, mundura jaurtitako ikasgai ederra da filma.