Berezia izan da 2018ko Ikuska, Pasaian ospatzen duten film laburren jaialdia.  Hogeigarren edizio ospatuko zuten azaroaren 12tik 16ra, eta azken urteko film labur “onenak” pantailaratu zituzten Pasaiako barruti desberdinetako hainbat txokotan. Iragan asteburuan ospatu zuten sari banaketa ekitaldia, eta Pablo Malo zuzendaria narbamendu zen bereziki.

Pablo Malo zuzendariaren ‘Tarde para el recreo’ filmaren fotograma.

Larunbatean amaitu zen Ikuska, eta, ohi bezala, saritutako film guztien proiekzioak bildu zituen sari banaketa ekitaldi batekin eman zioten agurra. Urteetan jaialdiko epaimahai lanak bete dituen Pablo Malo zuzendariarentzat izan da edizioaren aitortza handiena; izan ere, sari nagusienetako bi jaso zituen donostiarrak: zuzendari onenarena eta publikoaren saria, biak Tarde para el recreo lanagatik.

Film labur onenaren saria Alvaro Gagok zuzendutako Matria izeneko lanak jaso zuen, eta Epaimahaiaren sari berezia, aldiz, Jose Luis Santosen La Vivre Ensemble filmarentzat izan zen. Aurten, gainera, Epaimahai Gaztearen saria banatu dute lehen aldiz, Kutxa Kultur ekimenak sustatuta. Kasu honetan, Jose Corralek zuzendutako Un Cuento Familiar ikus-entzunezkoak jaso zuen errekonozimendua.

Gizon aktore onenaren saria Carlos Restak jaso zuen, Romina Tamburellok zuzendutako Rabia filmean egindako lanagatik; eta emakume aktore onenarena, berriz, Emilie Launayrentzat izan da, Arthur Bacryk zuzendutako Une Place filmean antzeztutako paperagatik. Euskarazko lan onenaren Mintzagun Saria banatu zuten, azkenik, eta Ruben Rosasen Atsolorra filmak jaso zuen.