Kritika: ‘Mi obra maestra’

Zuzendaria: Gastón Duprat
Urtea: 2018
Herrialdea: Argentina-Espainia

Lagunen artean gauzak ondo doaz

Arteak oinarrizko gezur batean du jatorria, batez ere aurrean daukagun errealitatea irudikatzen saiatzen denean. Artea ilusio bat da. Benetako gezurra, edo, beste modu batean esanda, itxurazko egia. Aspalditik da hitza kontraesankorra, zaila definitzen, baina hiztegira jotzen badugu, Auñamendin hauxe aurkitzen dugu: “Artea esaten diogu gizakiak bideratutako edozein produktu edo ekimenei, komunikazioa ahalbidetu eta ideiak eta emozioak aditzera emateko asmoz sortutako ekimene,i alegia. Eta (…) gaur egun artea bezala jotzen dugu gizakiaren sormenaren ia edozein adierazpen”. Gauzak horrela, Argentinatik iritsi zaigun Mi obra maestra filmak definizioaren paradoxarekin (“edozein” horiek…) jokatzen du, arteari eman ohi zaizkion balio ekonomiko eta sozialek ekartzen duten faltsutasuna gehituz.

Egungo gizartean jartzen ditugun mozorroen salatzaileak ditugu Gastón Duprat eta Mariano Cohn zinegileak, iruzkintzen ari garen filma arte elkarrekin zuzendu baitituzte lan anitz asko (film laburrak, dokumentalak, bideo arteko piezak, telebistarako saioak eta fikziozko 4 film luze). Oraingoan Duprat bakarrik dugu zuzendaritzan, baina bere kide Cohn ez da urruti joan, ekoizle bezala baitago (datorren urtean Cohn bakarkako zuzendaritzan estreinatuko da, 4×4 thrillerarekin, eta Duprat ekoizle izango da). Gertu dute ere Dupraten anaia den Andrés, gidoilari gisa lagundu baitie askotan, besteak beste, ezagunenak diren fikzioetan: El artista (2008); El hombre de al lado (2009); Querida, voy a comprar cigarrillos y vuelvo (2011) eta El ciudadano ilustre (2016).

Arte garaikidearen mundua ordezkatzen du ere Andrés Dupratek, gaur egun Buenos Airesko Arte Ederretako Museoaren zuzendari baita, eta Mi obra maestra artelanez josia dago. Filmaren kredituen bukaeran artelan guztien erreferentzia zehatzak agertzen dira, nolabaiteko katalogo bat eginez (protagonistaren koadroak Carlos Gorriarena argentinar margolariarenak dira, adibidez).

Dena den, oraingoz arteari eta bere merkatuari buruz egin daitezkeen hausnarketa burutsuak alde batera utziko ditut, filmak beste zerbait garrantzitsuagoaz jarduten baitu: adiskidetasuna. Protagonistak Arturo Silva galeria-jabea (Guillermo Francella) eta Renzo Nervi margolaria (Luis Brandoni) dira, eta nahiz eta hasieratik txakurra eta katua bezala ibili, aurrera joan ahala, aspalditik errotuta dagoen adiskidetasun dagoela ikusiko dugu. Nerviren ekintza zoroek (enpresari batentzako egiten duen margolanari gehitutako azken ukitu bitxia, esaterako) irtenbiderik gabeko tunel batean sartzen dute, baina zorigaiztoko istripu batek filmaren norabidea aldatuko du, eta ikusiko dugu nola bien arteko adiskidetasunak heriotzaz harago jarraituko duen. Nolanahi ere, hasieran aipatu dudan artea eta gezurraren arteko loturak Mi obra maestra filmaren gainetik hegan egiten duenez, iruzurraren ideiak protagonismoa hartuko du berriro ere, filmaren bi gaiak elkartuz beste behin: arte munduan faltsutzearen arriskua eta benetako laguntasunaren garrantzia.

Mi obra maestra gustura ikusten den film bat da, Dupratek (eta Cohnek) erabiltzen ohi du(t)en ironiak eta sarkasmoak ezusteko barregarriak sortzen ditu, eta, nahiz eta tarteka garraztasun gehiagoren falta igarri dugun, bere aurreko lanen izaerarekin bat dator. Eta hori gutxi balitz, aipatutako aktoreen lan bikaina daukagu (Raúl Arévalo ere agertzen da, kontzientzia gaiztoaren kilker hiztuna irudikatuz), Alejandro eta Emilio Kauderer musikagileen soinu-banda elektroniko ederra (https://open.spotify.com/album/2mYhzYzAakZgD9KXUxMmvn), edo han-hemenka agertzen diren leku zoragarriak (Rio de Janeiron dagoen Arte Garaikideko Niterói Museoa edo Jujuyko probintziako paisai liluragarriak, kasu).