1990 urteko maiatzaren 17ra arte, homosexualitatea sendatu zitekeen gaixotasun bezala jasota zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Egun horretatik aurrera, ez da gehiago horrela zabaldu mundu mailan, baina oraindik badaude homosexualitatea sendatzeko terapiak egiten dituzten pertsonak.

Duela hilabete, Valladolideko Seminci jaialdian, gai hori jorratzen duen film bat ikusteko aukera eduki nuen, The Miseducation of Cameron Post. Film honek AEBko 90.hamarkadara eramango gaitu, eta homosexualitatea sendatzeko terapiak egiten diren kanpamentu batean gertatzen dena ikusiko dugu bertan. Sundanceko zinemaldian pelikula onenaren saria jaso zuen, eta Seminci –n, berriz, Zilarrezko Espiga.

Cameron Post neskato gazte bat da, zeinak bere sexualitatea ez duen oso argi: mutil laguna dauka, baina neska batekin dabil ere bai. Kurtso amaierako dantzaldiaren egunean, Cameronen mutilak neskarekin aurkituko du, eta horrek Cameronen bizitza guztiz aldatuko du. Protagonistaren familiak neska gaixo dagoela pentsatuko du, eta terapia egitera behartuko dute.

Terapia kanpaleku batean da, bertan genero bereko pertsonengatik erakarpena duten pertsona gehiago daude, eta arrazoi berak batzen ditu guztiak: beren familiek uste dute gaixo daudela. Cameron errudun sentiarazi nahi dute hain maskulinoa izateagatik, eta bere ‘genero talka’ horrek eragindakoa dela esaten diote. Filmean zehar termino oso latzak erabiliko dira, besteak beste ‘genero konfusioa’ edota gehiegitan gaixo daudela errepikatzea. Kanpaleku horren helburua hori da, bertan dauden gazteak bere homosexualitatearekin gaizki sentiaraztea. Gainera, ez dute ‘homosexualitate’ hitza erabiltzen, beraien arabera, hitz hori erabiliko balute, gaixotasuna ez dela onartuko luketeelako.

Erlijio kristaua dago honen atzean. Cameron ez da sinestuna, eta ez du onartzen berak sentitzen duena gaizki dagoenik. Bere inguruko gazteek, aldiz, ez dute berdin pentsatzen, eta beraien burua erruduntzat jotzen dute. Gazte bakoitzak ahal duen bezala eramango du egoera, eta filmak ikuspuntu oso interesgarria erakusten duela uste dut.

Desiree Akhavan zuzendariaren pelikula gaur egungo gizartea ulertzeko beharrezkoa dela uste dut, nahiz eta filma 90. hamarkadan oinarritua dagoen. Egun, pertsona homosexualek diskriminazioa jasan behar dute, eta, toki batzuetan, neurri bereziak hartzen dituzte beraien sentimenduak zigortzeko.

Filma ikusi eta gero, egoera hau ‘ulertu daiteke’. Izan ere, 90. Hamarkadako AEBtan horrelako kanpamenduak onartuak zeuden eta gaur egun ere eliza katolikoan dauden apaizen ahotan entzun dugu homosexualitatea gaixotasun bat dela. Horien aurrean ez da ezer egiten, 90. hamarkadan bezala.