‘Udare erraldoiaren istorio harrigarria’ filma euskaraz estreinatuko dute

Zineuskadiren bitartez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, Udare erraldoiaren istorio harrigarria filma euskara hutsean estreinatuko dute, azaroaren 23ean, EAEko eta Nafarroako zinema aretoetan. Proposamen honekin, hamar dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak.

Udako atsedenaren ostean, zinema-aretoetara itzuli zen Zinema Euskaraz programa. Komunikazio kulturalerako tresna gako gisa, eta euskararen erabilera bultatzeko asmoz, Zineuskadi elkarteak euskaratutako hainbat film eskainiko ditu urte amaiera bitartean. Orain aste batzuk, estreinaldi bikoitza egin zuten Smallfoot eta Horman Erlojua duen Etxea filmekin, eta, orain, Udare erraldoiaren istorio sinestezina filmaren estreinaldia iragarri dute datorren asterako.

Sebastian elefantea eta haren lagun onena, Micho, Villasolen bizi dira, kostaldeko herrixka atsegin eta pintoresko batean. Zoriontsu dira denak Villasolen. Egun batean, ordea, estimu handikoa duten JB alkatea desagertu egingo da.

Halako arratsalde batean, arrantzan ari dela, Michok botila bat harrapatuko du, eta barruan zer eta JBren mezu bat topatuko du: Uharte Misteriotsuan harrapatuta dagoela, eta bere bila joateko. Botilaren barruan, gainera, hazi bat topatuko du ere, gauetik goizera udare erraldoi bilakatuko den hazi bat. Itsasontzi bat eraikiko dute fruituarekin, eta bertan abiatuko dira Micho eta bere lagunak alkatea erreskatatzera.

Bada, datorren asteburuan helduko da filma EAE zein Nafarroako zinemetara, baina beste inork baino lehenago ikusteko aukera izango dute igande honetan, azaroak 18, Errenteriako Niessen aretora bertaratzen direnek. Izan ere, asteburu honetan egingo dute filmaren estreinaldia EiTB eta HIRU3 komunitatearen lakidetzarekin.