Beldurrezko filmen erakustaldia egingo dute gaur Bermeon

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko XXIII. Zinema Astean aurkeztu zuten film laburren bilduma ikusteko aukera izango dute gaur, 19:30ean, Bermeoko Nestor Basterretxea zinema-aretoan. Ordubete inguruko luzeera izango du proiekzioak, eta doakoa izango da.

Urteekin garrantzi handia hartzen ari den gaia da beldurrarena, eta entretenimendu soila izatetik, kultuzko generoa bilakatu da zinema aditu askoren begietara. Programatzaileak jakitun dira horrekin, eta geroz eta ugariagoak dira gaiari eskainitako ziklo edo ekitaldiak. Gaurkoan, Bermeon izango da aukera, eta donostiar jaialdiko 2013 urteko edizioan aurkeztu zituzten laburrak izango dituzte ikusgai.

Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko egitasmoak bultzatutako ekimena da eta, hartara, jatorrizko hizkuntza ingelesa eta norvegiera dituzten sei film proiektatuko dituzte, guztiak euskaraz azpititulatuta. Honakoak izango dira filmok:

  • Defeated (8’)
  • Misgivings (7’)
  • Posthuman (6’)
  • The Cabin (9’)
  • Saving the human race (15’)
  • Dr. Professor’s thesis on evil (25’)