Zuzendaria: Alice Rohrwacher
Urtea: 2018
Herrialdea: Italia-Suitza-Frantzia-Alemania

Italian, alegia

Gizakiak xaloak garela zioen Jean-Jacques Rousseau ilustratuak, baita berezko ontasuna dugula, eta gaiztotzen gaituena gizartea litzatekela. Hau izan liteke orain zinema aretoetan dagoen Lazzaro Felice filmaren oinarri filosofikoa, eta Alice Rohrwacher zuzendariak bere hirugarren film luzean bere protagonistaren izaerarekin lotzen duela dirudi.

Lazzaro (Adriano Tardiolo) L’Inviolata deritzon isolatutako herrian bizi den gizaki apala eta tolesgabea da, eta aipatutako gehiegizko ontasun horrek inguruan dituen guztiak berarekin aprobetxatzea ekarriko du. Filmaren une batean, markesaren semeak (Luca Chikovani) lanean ez dagoela aurpegiratuko dionean berarekin baizik, Lazzarok argi erantzuten dio: “Hemen nago zuk eskatu didazulako”. Ez du inongo gaiztakeririk, zerbait egiteko esaten badiote, ez du erantzuten, horra joaten ohi da, eta eszena batzuetan, Lazzaro izena hainbeste entzungo da, ikuslean amorrazioa sortuko dela, protagonistarenganako bidegabekeria nabariegia izango delako. Egoera bitxia, ikusten ditugun nekazariak L’Inviolatako etxetzarran bizi den markesarengatik (Nicoletta Braschi) esplotatuak direla baitakigu, eta markesak behin bere seme Tancrediri aipatzen dion bezala, berak laborariak esplotatzen dituen bitartean, nekazariek Lazzaro esplotatzen dute, “geldiezinezko kate-erreakzio bat da”.

Rohrwacher zuzendariak Lazzaro bezalako gizaki bat erakusterakoan, gizarteok dugun zikoizkeria agerian jartzen du, edo beste modu batean esanda, salatzen du. Horretarako alegia erabiltzen du, alegia sozial eta politikoa, gainera. Bere hitzetan,  “santutasunari buruzko istorio bat da, baina miraririk, botererik, super-botererik edo efektu berezirik gabe, (…) Mundu honetan bizitzeko behar dugun santutasuna agertzen da, gizakiengan sinistuz eta inoiz ez besteez gaizki pentsatuz”.

Lazzaro felice film errealista bezala hasiko da, Italiako isolatutako herri txiki bateko nekazarien egunerokoa erakutsiz, baina ikusiko dugun jendea, Lazzaro barne, denboratik at bizi dela dirudi, eta nahiz eta hiria aipatuko duten, argi dago bertako inor ez dela inoiz bertatik atera. Geroago jakingo dugu isolamendu hori etxetzarran bizi den markesak (eta bere laguntzaile den kontulariak) sortu dutela, L’Inviolatako nekazariak zibilizaziotik bakartuz.

Filman zehar gertatukoek herritarrak isolamendutik aterako dituzte, Platonen haitzulotik irtengo balira bezala (herrira iristen den Carabinieria asko harritzen da nekazariak nola bizi ziren ikusterakoan), eta orduan filmak norabide berri bat hartuko du, denboran arrisku-salto bat eginez, elipsi txundigarri batekin. Orduan etorriko da alegiazko zatirik argiena, urteetako lo baten ostean Lazzaro berriz altxatu eta hirira joango denean.

Herriko bizilagunak topatuko ditu berriz bertan, eta hauek zahartu diren bitartean, Lazzaro betiko gazte itxura mantenduko du. Honen ontasunak, herrian bezalaxe, berriro ere besteen interesetarako lan egitea bultzatuko du, eta hori gutxi balitz, filmaren bukaeran ikusiko dugun banketxeko eszenan, Lazzarok martirioa pairatuko du, hori izaten baita santuek jasan behar dutena santu izateko. Eta hori gutxi balitz, otso baten agerpen bitxiak istorioaren izaera ugalduko du.

Azkenik, Rohrwacheren lan bikaina gehiago balioesteko hauteman ditzakegun aingura zinematografikoak aipatu ditzakegu. Italiar tradizio hoberenean oinarritu dela argi dago, baina besteen artean Pier Paolo Pasoliniren poesia-zinea eta Bernardo Bertolucciren Novecento (1976) filma nabarmendu ditzakegu. Eta beste oinarri artistikoekin lotura bilatu ezkero, italiar Quattrocentoko argitasuna edo Henri Rousseau margolariaren lana ere topatu ditzakegu.

Lazzaro Felice filmak Canneseko Zinemaldian gidoi onenaren saria irabazi zuen (Panahi pertsiarrarekin partekatua), eta Sitgesen ere sariak jaso berri ditu. Horrek filmaren izaera bikoitza argi erakusten du, hots, “oso benetako ipuina” dela.