ZINEBI Networking 2018, Dokumentalen sorgunea izeneko zine dokumentalari buruzko foro profesionala ospatu du aurten lehen aldiz Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiak. Aukeratu dituzte deialdira aurkeztutako proposamenetatik onenak, eta Campos Eliseos Antzokiko Kupula aretoak jasoko du gaur horien aurkezpena.

EiTBrekin, Euskadiko Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV), Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilbao Ekintzarekin lankidetzan sustatutako ekimena izan da ZINEBI Networking 2018, Dokumentalen sorgunea. Ekoizten ari diren, edo garapen egoera aurreratuan dauden film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu zitzaketen ekoiztetxe eta zinegileei zuzendu zaio, eta Euskal Herrian bertako talentu eta ekoizpena bultzatzea izan da helburua; bertako ikus-entzunezko egitura handitu, eta euskal eragileek eta erakundeek sektoreko enpresekin eta profesionalekin nazioarte mailan lankidetzan aritzea.

Urriaren 26ra arte izan zen zabalik proposamenak jasotzeko deialdia eta, ondoren, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzordeen esku geratu ziren proiektuak, denak aztertu eta foroan parte hartzeko hautagaiak erabakitzeko. Onenak aukeratu dira, eta jaialdiaren aurreko egunetan proiektuak prestatu eta borobiltzeko tailer batean hartu dute parte.

Campos Elíseos Antzokiak jasoko du gaur emaitza finalen aurkezpena. Sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzorde baten aurrean egingo dira pitching saio horiek,  aurkezpen irekiak goizez, eta one-to-one formatukoak arratsaldez. ZINEBI 60en amaieran jakinaraziko dute proiektu irabazlea zein den, azaroaren 16an, Arriaga Antzokian egingo duten itxiera ekitaldian hain zuzen.