Hilabete eskas falta da Bilbo Mendi Film jaialdia abiatzeko. Abenduaren 7tik 16ra bitartean ospatuko da aurtengo edizioa, eta aurkeztu dituzte jada programazioa eta bertan ikusi ahal izango diren 57 filmen sinopsi zein trailerrak.

Mendia eta arriskuzko kirolak oinarri dituen pelikulak biltzen dituen zinemaldia da Mendi Film,  eta 11.edizioa izango du aurtengoa. Generoa ardatz hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten da urteko jaialdiaren deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… Aurtengo edizioak jasoko dituenak, 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izango dira.

Orain aste batzuk jakin genuen The Dawn Wall filmaren mundu mailako estreinaldiak zabalduko duela lehiaketa, abenduaren 7an,Euskalduna  Jauregian ospatuko den irekiera ekitaldian, eta programazioaren aurkezpenarekin, jaialdiak ezagutarazi ditu jada 2018ko edizioari dagozkion ezaugarri eta eduki guztiak.

Sarreren salmentari dagokionez, ekitaldia hasteko urte erdia falta zela abiarazi zuten sarreren eskaintza antolatzaileek. Erabaki honen bidez, urte hasieratik abendura begira dauden eta agendan egunak gordetzeko ohitura duten zaleen fideltasuna saritu nahi izan zuten. Pack modura aurkeztu zituzten azaroaren 12a baino lehen erosi nahi zituzten ikusle fidelentzat, eta hilaren 15etik aurrera jarriko dituzte sarrera solteak salgai, aurretiaz erosteagatik egindako deskontuarekin.

Bada, 11.edizioko emanaldietarako sarrera hauek guztiak Bilbo Mendi Film jaialdiaren webgune ofizialaren bidez, edota Euskalduna Jauregiko salmenta bideen bitartez eskuratu ahalko dira ostegunetik aurrera.