Aralar, mundua leku den lurra izeneko dokumentala errodatu dute, mendilerroaren “aparteko balioa” ezagutarazi eta balioan jartzeko. Herriz herri aurkezten ari dira filma eta, besteak beste, Zaldibian, Arbizun, Alegian eta Irurtzunen izango dira datozen asteetan.

On Produkzioak ekoiztetxea eta Landarlan Ingurumen Elkartea arduratu dira proiektuaren egituratze zein ekoizpenaz, eta Aralarri buruz inoiz egin den “lanik ikusgarri eta osoena” dela aldarrikatu dute. Hain ezagun, eta aldi berean hain ezezagun zaigun gure paraje horretako irudiak eraman dituzte pantailara, publikoa mendilerroak biltzen dituen haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta bestelako ezkutuko altxorrak aurkitzera gonbidatuz.

Esparru naturalaz harago, gainera, balio kulturala eta biztanleen imajinarioa elikatzen duen magia biltzen saiatu dira ere. Aralar babesteak duen garrantziaz ohartarazi nahi du lanak, eta hainbat adituren iritzi zein azalpenak bildu dituzte horretarako.  Dokumentala, baina, ohiko eredutik aldendu egiten da, eta Lorea Agirre eta Edurne Eskisabelek idatzitako istorio bat du abiapuntu.  Istorio horrek josiko ditu irudi zein azalpenak, “ikuslea gogoetara eramango duten irudi magiko eta balio poetiko handiko hitzekin”.

Istorioaren oinarriak jarri dituzten idazleez gainera, Iban Toledok, Garazi Auzmendik, Ion Fontenlak eta Aloña Jauregik osatu dute zuzendaritza taldea; eta haiek jositako lanari Pello Ramirezek jarri dio musika. Iragan urriaren 18an egin zuten filmaren estreinaldi ofiziala, Donostiako Principe zinema aretoetan, eta Euskal Herriko zenbait herritan ibili dira ordutik filma aurkezten (Beasain, Ordizia, Tolosa, Zumarraga, Hazparne, Iruña…), eta, besteak beste, Durangoko Azokaren Irudienea espazioan (abenduaren 7an, arratsaldeko 19:00etan) edota Bilboko Mendi Film jaialdian izango dira ere proiektua aurkezten.

Filmaren inguruko informazio gehiago, eta emanaldien egutegi osatua hemen ikusgai.