Orain astebete inguru itxi zituen atean beldurrezko zinemaldiak, baina 29. izan den edizioaren arrakastaren datuak jasotzen dihardugu oraindik. Tartean, deigarriena, publikoaren babes zabala 22.571 ikuslerekin.
Hilabete lehenago ospatzen den Donostia Zinemaldiarekin alderatuta txikia izanagatik, jarraitzaile kopuru osasuntsua eta leiala du beldurrezko asteak ere bai. Ezin positiboagoa da erantzuleek egin duten balorazioa. Antolatzaileek zabaldu dutenaren arabera, 22.571 ikuslek gozatu dute, jaialdiaren egitarauaren barne, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia antzokian programaturiko saioekin. Horiez gain, 10.533 pertsona hurbildu dira eskaintza osatu duten aparteko jardueretara, eta 12.000 inguru kaleko ekitaldi, tailer eta bestelako emanaldietara.
Proiekzio garaia amaitu bada ere, hilabete osoan zehar luzatuko dira egitaraua osatu duten ekimen osagarri horiek. Esaterako, astearekin batera antolatutako 6 erakusketa daude ikusgai oraindik:
- Fantasmías & Antepasadolls – Sandra Arteaga. Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoa, San Jeronimo kalean. Azaroaren 11ra arte.
- Mary Shelley: La muerte del monstruo – Raquel Lagartos & Julio César Iglesias. Carlos Santamaría Zentroa – UPV/EHU, Gipuzkoako campusa. Azaroaren 15era arte.
- Euskadi Fantastikoa XIV – Musgo. Udal Liburutegi Nagusia, Alderdi Eder. Azaroaren 17ra arte.
- CBA Irun. Azaroaren 20tik abenduaren 11ra arte.
- Munstro Maite – Lucía Fermín. Kutxa Kultur Plaza, Tabakalera. Azaroaren 25era arte.
- Ispiluan barrena – Fernando Vicente. FNAC . Azaroaren 30era arte.
- Superheroiak – David Aja. Okendo KE. Abenduaren 8ra arte.