Kritika: ‘El arbol de la sangre’

Zuzendaria: Julio Medem
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia

Behiak zuhaitzetatik erortzen dira

Julio Medem egile bat da, sortzaile bat, eta zalantza izpirik gabe, sortu nahi duen unibertso filmikoaren zuzendari eta autorea. Bere irudiek eta soinuek urteetan zehar organo anitzeko corpus bat eraiki dute, eta ikus-entzunezko paisaia magiko eta erakargarri horretan pieza guztiak dagokien zuloan ahokatzen dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, arrakasta beti bermatua dagoenik.

Adar anitzeko zuhaitza etortzen zait burura bere azken filmaren harian, El árbol de la sangre. Baina zuhaitz batek ez ditu adarrak soilik, sustrai ikusezinek ezinbesteko oinarri sendoa eman behar diote ortzira zabaltzen diren horiei. Benetako bizigarria zorutik gora egin behar du, zuhaitzaren barrunbetatik hedatuz, eta Medemen filmek hori bera osatzen dute. El árbol de la sangre bere hamargarren lana da.

Filmaren hasieratik Marcek (Álvaro Cervantes) eta Rebecak (Úrsula Corberó) argi uzten dute zuzendariak proposatu nahi diguna, ikusi behar dugun guztia bi protagonisten kontakizunetan oinarrituko dela, eta narratzaile orojakile baten antzera beraien zuhaitz/bizitzen adar anitzak elkartzen joango direla, bakoitzaren iraganeko oroitzapenak deskribatuz eta elkartuz (hori bai, “politikarik gabe”). Ez da Medemek horrelako artifiziorik erabili duen lehen aldia, pertsonaiekin jokatzen duen demiurgoaren irudia beste film batzuetan era agertu baita, hala nola La ardilla roja edo Lucía y el sexo.

Oraingoan zuzendari donostiarrak kiribila estetiko eta narratiboak korapilatzen jarraitzen ditu, askotan kontatu nahi duenaren ulermen arrazionala zailduz. Euskal ohiturak, mafia errusiar eta georgiarra, organo trafikoa, Gerra Zibileko Errusiako haurrak, euskal paisaia eta Mediterraneoa, buruko gaitzak, neurrigabeko sexua eta abar luze bat film berean nahastea ausardia edo gehiekieriatzat hartu daiteke. Baina Medemen zinea ez da arrazionalki ikusi behar, erraietatik dastatzen da, bere unibertso filmikoan errazago igeriz. Beti amildegitik hurbil ibiltze horrek ikusle asko atzera bota ditu (gogoratu Euskal pilota. Larrua harriaren kontra dokumentalak sortu zuen polemika, edo Caótica Ana filmaz geroztik ikusleen parteko urruntze progresiboa), eta jadanik aldenduak daudenak berreskuratzea ez du erraz izango donostiarrak. Hala ere,  El árbol de la sangre filmak, Medem purua denez, ez du ezer ezkutzaten, bere horretan jarraitzen du.

Zuzendariaren sinbolismo estetiko eta surrealista filmaren irudi guztietan agertzen da, eta ohikoa den bezala, guzti horrek jatorrizko irudi bat du iturburu, oraingo honetan behi talde bat iparraldetik jaitsiz eta beste zezen talde bat hegoaldetik igoz. Irudi iradokitzaile hau filman dagoen eszenarik erakargarrienetarikoan ikusteko aukera dugu, bertan Medemek ezinhobe nahasten baititu berarentzat hain ohikoak diren osagaiak: narrazio bikoitza pertsonaien artean, zoria eta patua, tragedia, animalien lekukotasun isila… Guzti hori muntaia maisuki erabiliz (Los amantes del Círculo Polar filma gogoan izan dut askotan).

El árbol de la sangren Medemek inoiz baino pertsonaia gehiago erabili ditu (Marc eta Rebecaz gainera, hamaika izatera iritsi daitezke  protagonismoa dutenak, Najwa Nimri, Daniel Grao eta Joaquín Furriel nabarmenduz) gurutzatzen diren adar anitzeko zuhaitzaren antza hartuz, eta nahasketa horrek kaleidoskopio formal bat sortu du. Bikoiztea eta ispilua egoera gehienetan agertzen da, pertsonaia guztiek beste guztiekin loturak baitituzte. Baina ez da zerbait berria, hau bera Medemek Behiak bere lehen filman egin baitzuen (orduan pertsonaiak aktore berdinekin espresuki bikoiztuz).

Filman agertzen diren irudi edo eszena erakargarri guztien artean une batekin geratzen naiz, zirrara gehien egin baitit. Behin eta berriz, ia hasieratik, pertsonaien arteko besarkadak ikusten dira, beti atzetik aurrera, baten bizkarrak bestearen bularra ukituz. Irudi ederra da, eta errepikatzeak zentzu bat izango ote duen pentsa daiteke, Medemen munduan ez baita ezer doakoa. Eta orduan bukaeran Marc eta Rebeca uretan berriz besarkatzen direnean, lotura aurrez aurre izango da, gertatu den guztia besarkada organiko eta hunkigarri batean bilduz. Medem onenak ez gaitu oraindik utzi, gaitz erdi.