Bohemian Rhapsody

Bohemian Rhapsody Queen musika taldearen ospakizun bat da, eta batik bat Freddie Mercury taldeko abeslariarena. Berak estereotipoekin eta tradizioekin hautsi zuen eta munduko showman maitatuenetako bat izatera iritsi zen. Film honek musika taldearen arrakasta erakusten du bere abesti ikonikoen eta soinu iraultzailearen bitartez; euren arteko krisia Mercuryk bere bizitzaren kontrola galdu zuenean; Live Aid historiako rock kontzertu erraldoienetako bat ere ikusiko dugu Mercuryk bere bizitza mehatxatzen zuen gaixotasun larriari aurre egiten zion unean… Bryan Singer estatubatuarrak zuzendutako filmean, gaur arte musika maite dutenen eta ameslarien inspirazio iturri izan den taldea agertuko zaigu pantailan,  eta Rami Malek aktorea, berriz, Mercuryren azalean ikusiko dugu.

BlacKkKlansman

Cannesen Epaimahaiaren saria jaso eta Donostia Zinemaldian egon ostean, zinema-aretoetara iritsi da Spike Lee estatubatuarrak arrazakeriaren aurka egindako lana. 70eko hamarkadan, eskubide zibilen aldeko borroka garaian, Ron Stallworth izango da Colorado Springseko polizia departamentuko lehenengo detektibe beltza, eta agintariek eszeptizismo eta etsaitasun jarrera izango dute berarekin. Protagonistak eginkizun arriskutsu batean hartuko du parte: Ku Klux Klanean infiltratuko da.

Lazzaro felice

Cannesen Gidoi Onena ex aequo saria eta Sitgesen Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ondoren, film italiarra iritsi da gure zinemetara.

Lazzaro zintzotasun handiko nekazaria da eta La Inviolatan bizi da, Alfonsina de Luna markesak kontrolpean duen herrixkan, mundutik urrun.  Nekazarien bizimodua ez da batere aldatu han, lan asko eta gogorra egiten dute, eta Lazzaroren zintzotasunaz gainera, oraindik eta gehiago aprobetxatzen dira. Udan, Tancrediren laguna egingo da, markesaren semearena eta horrek Lazzaro mundu modernoa ezagutzera eramango du.

El árbol de la sangre

Julio Medem zuzendari donostiarraren lan berriak Marc (Álvaro Cervantes) eta Rebeca (Úrsula Corberó) bikote gaztea du protagonista, euren arbasoena zen euskal baserri zahar batera joango da bizitzera. Bertan, familiaren sustraien historia idatziko dute, eta sortuko duten zuhaitz genealogiko horren baitan, maitasun istorioak, desamodioak, sexua, eromena, zeloak eta fidelitate ezak bilduko dituzte, baita sekretuak eta tragediak ere.

El ángel 

Zinema izarraren fama, haur txikiaren aurpegia, eta, ile horia eta kizkurra duen 17 urteko gaztea da Carlitos. Nerabezaroan bere bokazioa zein den argi utzi du: lapurra izan nahi du. Eskola berrian Ramon ezagutzen duenean, berehala erakarri egin du eta bere arreta bereganatzen saiatuko da. Elkarrekin aurkikuntzak, maitasuna eta bidegabekeria nahasten diren bidaia bati ekingo diote, eta bere itxuragatik poliziak ‘Heriotzaren aingerua’ deituko dio Carlitosi. Guztira, berrogei lapurreta eta hamaika hilketa egin zituela uste dute.

Gaur egun, espetxean berrogeita bost urte daramatza Carlos Robledo Puchek, eta bera da Argentinako historian denbora gehien daraman presoa.

Luis Ortega zuzendariaren lana Cannesko Zinema Jaialdian saritua izan da, baita Un Certain Regard sailean ere.

Mandy 

Red (Nicholas Cage) egurgilea da eta mundutik at bizi da Mandy (Andrea Riseborough) bere kuttunarekin. Egun batean, Mandy fantasiazko eleberri bat irakurtzen ari den bitartean, sekta bateko buruarekin gurutzatzen da eta ordutik, Mandy bere obsesio bilakatzen da. Edozer egiteko gai denez, infernutik etorritako motorzaleen talde bat bidaltzen du Mandy bahitzera, eta horrek Reden bizitza guztiz zapuztu du. Mendeku itsua hartzeko asmoz, Redek gorpuak, odola eta erraiak utziko ditu atzean.

Panos Cosmatosen filmak Sitgesko zinemaldian Zuzendari Onenaren saria irabazi zuen.

Hunter Killer

Urpeko ontzietako kapitain amerikar batek Navy Sealsekin taldea osatuko du jeneral traidore batek bahitu duen errusiar presidentea erreskatatzen saiatzeko. Akzioz betetako filma da Donovan Marsh zuzendari sudafrikarrarena.

The Nutcracker and the Four Realms

Etxeko txikientzat Disneyk ‘Intxaur-hauskailuaren’ bertsioa dakar. Clararen ama hil egin zen eta berak giltza lortu nahi du amak utzitako oparia duen kaxa irekitzeko. Drosselmeyerdarrek urtero antolatzen duten festan, Clarak giltza topatzeko aztarna bat topatuko du, baina horrek mundu paralelo batera eramango du. Bertan, Phillip izeneko soldadu bat ezagutuko du, arratoi talde bat eta Hiru Erreinuak: Elur Maluten Lurraldea, Loreen Lurraldea eta Gozokiena. Clarak eta Phillipek Laugarren Erreinuko Ginger gaiztoari aurre egin beharko diote, giltza berreskuratzeko eta munduari armonia itzultzeko.