The Dawn Wall filma eta haren protagonista den Tommy Caldwell eskalatzailea izango dira Bilbo Mendi Film zinemaldiaren 11. edizioak jasoko dituen lehen izar handiak. Filmaren emanaldiak zabalduko du abenduaren 7tik 16ra ospatuko den jaialdia.
Euskalduna Jauregiak jasoko du aurtengo edizioaren irekiera ekitaldia, eta 200 ikuslek gozatu ahal izango dute orduan The Dawn Wall filmaren mundu mailako estreinaldiaz. Tommy Caldwell eskalatzaile eta protagonistarekin batera, Sender Films ekoiztetxeko Peter Mortimer eta Red Bull Media House-eko Philipp Manderla ekoizleak izango dira filma aurkezten, eta proiekzioaren osteko solasaldian parte hartzen.
El Capitán –eko (AEB) Drawn Wall horma tentea era askean eskalatzea lortu zuen 2015ean Caldwelek Kevin Jorgeson sokalagunaren laguntzaz. Sekulako oihartzuna izan zuen lorpenak, eta AEBko telebista kate zein agerkari digital nagusienek zuzenean igorri zuten gertakaria mundu osora zabalduz. Jakina zen Sender Filmz ekoiztetxeak balentri hura grabatzeko erabakia hartu zuela, baina Red Bull Media House erraldoia gehitu zitzaion ere protagonista nagusia den Tommy Caldwellen inguruko super produkzio bat errodatzeko bitartekariak jarriz.
Bada, hiru urtez ondu dute filma, eta abenduan estreinatuko dute Bilboko jaialdian. Azaroaren 7an, Euskalduna Jauregian ospatuko den hasiera ekitaldiak hartuko du estreinaldi hori, eta, horrez gain, 10 egunez jaialdiak emango dituenen deskribapen laburra egingo dute ere.
Mendia eta arriskuzko kirolak oinarri dituen pelikulak biltzen dituen zinemaldia da Mendi Film, eta 11.edizioa izango du aurtengoa. Generoa ardatz hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten profesionalen film andana aurkezten dira urtero jaialdiaren deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… Aurtengo edizioak jasoko dituenak, 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izango dira.
Sarrerei dagokionez, eskuragarri daude jada jaialdiaren antolatzaileek atondutako hainbat bideetan: jaialdiaren webgunean, Euskalduna jauregiko on-line salmenta zerbitzuan, leihatilako salmentan edo BBKren kutxazain automatikoen bidez.