Martxan da Elorrioko 24 Ordu Digitalean lehiaketaren XII. edizioa

Elorrioko Arriola Antzokiak film laburren  24 Ordu Digitalean lehiaketaren edizio berri bat aurkeztu du, multimediaren munduaren zaletuak diren horiei parte-hartze formula berri bat ireki asmoz. Azaroaren 2tik 3ra egingo dute aurtengoan, eta zabalik da jada izena emateko epea.

24 orduko iraupena duen erakusketa-lehiaketa baterako deialdia da honakoa: parte hartzaileek oinarri zehatz batzuk jasotzen dituzte, eta horietatik abiatu behar dira 24 ordutan lanak asmatu, grabatu, editatu eta esportatzeko. Multimediaren esparruan parte-hartze eta sorkuntza bide berriak zabaltzea da lehiaketaren helburua, eta lan-taldeak sortu eta teknologia berriekin esperimentatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Oinarri bakan bezala, egunean bertan zehaztutako esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu beharko dira parte hartzaileen film laburretan, eta talde bakoitzak nahierara antolatu beharko du produktua bukatu eta entregatzeko beharrezkoak diren eginbehar artistiko zein tekniko guztiak. Azaroaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, proposatuko dute gaia antolatzaileek Arriola Antzokian, eta toki berean aurkeztu beharko dira lanak 24 ordu beranduago.

Hala, azaroaren 3an bertan, iluntzeko 22:00etan, eskainiko dituzte film guztiak, eta epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 700 euroko lehen saria, eta 500 euroko bi sari, finalistentzat.

Deialdian izena emateko, edota zalantzak argitzeko, 24ordu@arriolaka.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar. Oro har Durangaldetik etorritako taldeek hartzen dute parte, baina deialdia irekia da, eta interesa duen edonor aurkez daiteke.