Mendi Short laburren lehiaketa hartuko du Bilbo Mendi Film jaialdiak

Egile amateurrek ere haientzako aterpea izango dute Bilboko Mendi Film jaialdian. 2018ko abenduaren 7tik 16ra ospatuko da jaialdia, eta Mendi Short film laburren lehiaketaren edizio berri bat hartuko du egitarauak.

Mendia eta arriskuzko kirolak oinarri dituen pelikulak biltzen dituen zinemaldia da Mendi Film,  eta 11.edizioa izango du aurtengoa. Generoa ardatz hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten profesionalen film andana aurkezten dira urtero jaialdiaren deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… Aurtengo edizioak jasoko dituenak, 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izango dira.

Orain urte batzuk, ordea, profesionaletatik at, bideo-sortzaile amateurrek ere bere tokia izan behar zutela erabaki zuten antolatzaileek, eta hala sortu zuen Mendi Short film laburren lehiaketa. Deialdiaren 5. edizioa izango da aurtengoa, eta azaroaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

Profesionalen kasuan bezala, mendiarekin eta, oro har, abentura kirolekin lotutako gaiak jorratzen dituzten filmek parte hartuko dute deialdian. Gehienez bost minutuko iraupena izan beharko dute, eta 2018an sortutako proiektuak izan. 2018ko Mendi Short film labur onenaren saria jasoko du irabazleak, eta Mendi Film jaialdiaren egitarau ofizialaren baitan proiektatuko dute bere lana. Hain zuzen, jaialdiaren bigarren asteburuan (abenduak 15-16), BBK aretoan.