Arrakastaren bidean sendo dabil Koldo Almandozen Oreina. Bosgarren astea egingo du karteldegian Donostia Zinemaldian Euskal Film Onenaren Irizar saria eskuratu zuen filmak, eta berriki jakin dugu hainbat jaialdietan izango dela: Tuteran, Asturiasen eta Alemanian.
Tuterako Opera Prima jaialdian egingo du Almandozen taldeak lehenengo geldialdia, urriaren 31ean. 19.edizioa egingo du aurten erakustaldiak, eta bertan izango dira zuzendaria bera eta Patxi Bisquert, filmeko protagonistetako bat, filma aurkezten.
Asturiasera bidaiatuko du gero lantaldeak. Lehen aurkezpen-emanaldi bat egingo dute Gijongo Laboralean azaroaren 2an, eta Villaviciosako Mediu Güeyu zinemaldian izango dira hilaren 4an. Zuzendariaren lehen fikzioaz gain, iaz aurkeztu zuen Plagán film laburra ere proiektatuko dute bertan, nazioarteko 60 zinemaldi eta bost sari gehiturik horrela. Filma Espainiar Filmategiaren Madrilgo egoitzan egoitzan izango da ikusgai gaur, eta datorren astean Caliko Cinetoro, Medellineko FICME eta Pereirako Festival de Cine del Sur zinemaldi kolonbiarretara proiektatuko dute.
Azkenik, Alemaniako Husum herrian izango da ikusgai Oreina, azaroaren 15etik 18ra bitartean ospatuko den European Minority zinemaldira. Filmaren protagonista nagusiak diren Iraia Elias eta Erika Olaizola aktoreak izango dira bertan.