Atletismoa txapelketa pistetatik harago gizarteratzeko helburuz, gaia jorratzen duen mundu osoko lehen Atletismo Zinemaldia sortu dute Donostian. Azaroaren 6etik 10era bitarte ospatuko da, Donostian eta Irunen, eta puntako kirolarien topaleku izango da.

Kulturaren, kirolaren eta zinemaren arloko ekitaldia izateko xedearekin sortu dute FICA – Nazioarteko Atletismo Film Festibala. Txapelketak jasotzen dituen pistetatik, aurkezpen-eremutik, maratoietatik, herri-lasterketetatik, irtera-takoetatik, pertikatik harago, elkarraldi bat sortu nahi dute. Atletarentzat, korrikalariarentzat, entrenatzailearentzat, zinegilearentzat, ikus-entzunezkoen munduarentzat… eta, zergatik ez, oro har kulturaren munduarentzat.

Atletismoaren munduan erreferente izan nahi dute, eragile guztiak batzen dituen elkargunea eta eragilea aldi berean. Kirola sustatzea, gizarteratzea, eta aldi berean, haren bitartez, gure lurraldea munduan proiektatzea. Bost eguneko jaialdia prestatu dute horretarako, Donostiako Antzoki Zaharra eta Irungo Amaia zein FICOBA aretoak zinemaz eta kirolaz blaituko dituenak.

Sailak eta sariak

Bi sail berezi bilduko ditu jaialdiak: Sail Ofiziala eta Lehiaketa Saila. Atletismoaren kultura sustatzeko hautatutako filmen erakustaldia egingo du lehenengoak, filmaren protagonisten presentziaz egindako solasaldiek lagunduta; eta lehiaketara aurkeztutako lanak pilatuko ditu bigarrenak: izan film luzeak, laburrak, dokumentalak… Irailaren 23ean itxi zuten izena emateko epea, eta orotara 21 herrialdetako 48 proiektu jaso dituzte. Aukeraketa batzordeak horietatik 16 aukeratu ditu lehiaketarako.

Kirola, atletismoa, zinema eta kultur arloko zenbait profesionalek osatuko dute lan guztiak epaitu eta hiru sari nagusiak banatzeaz arduratuko den epaimahaia: Ruth Beitia atleta, Lourdes Bañuelos zinegilea, Barbara Destefanis promotorea, Susana Soto San Telmo Museoaren zuzendaria,  Salvador Martín Mateos kirol kazetaria eta oraindik zehaztugabeko IAAFeko kide bat. Aipatu bezala, hiru dira banatuko dituzten errekonozimenduak: Epaimahaiaren lehenengo saria (2.000€ eta Urrezko Aquiles-a), Zilarrezko Aquiles-a eta Brontzezkoa.

Horiez gain, publikoak ere bozketa bidez baloratuko ditu filmak, eta puntuazio guztien baturaren irabazleak jasoko du 1.500 euroko Publikoaren Saria. Jaialdiak, gainera, ohorezko bi sari banatuko dizkie atletismoaren munduko bi kirolari olinpiko nabarmenduri: Niurka Montalvo espainiar/kubatarra eta Bob Beamon estatubatuarra izango dira Donostian Ohorezko Aquiles Sariak jasotzeko.

Jaialdiaren programazioa eta bestelako zehaztasunak ezagutzeko, ikusi webgune ofiziala.