Tinko Euskara elkartea eta Irudi Biziak taldearen ekimenez, Zinema Euskaraz egitasmoa jarriko du martxan Bilboko Udalak. Hari esker, euskarazko hamasei film proiektatuko dituzte Bilbo inguruko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxeetako haurrentzat.

Euskarazko ekoizpenen ikusgarritasuna bermatu, eta horiek haur eta gazteengana hurbiltzea da egitasmoaren helburua, baina hori baino gehiago da ere: adin horietan landu beharreko gaiak jorratzen dituzten filmekin osatu dute egitaraua, eta hortaz, hezkuntzan balio positiboak diren horiek indartzeko xedea ere badu proiektuak.

Besteak beste, berdintasuna, eskola inklusiboa, autoestimua, nerabezaroko sentimenduak, laguntasuna eta aldaketa klimatikoa landuko dituzte ikasleek ikus-entzunezko errefortzuaren bidez, eta proiekzio bakoitzaren ostean unitate didaktikoak erabiliko dituzte ikasitakoak indartzeko. Pertsonaiaren jarrera, bigarren planoko istorioak… aztertuko dituzte, eta ikasleen eguneroko esperientziarekin alderatu.

Bilboko 52 ikastetxetako 9.838 ikaslek parte hartu zuten iazko deialdian, eta aurten 40 ikastetxe ingurukok eman dute izena jada. Maiatzera bitartean luzatuko da ekimena, eta izena ematen duten eskolek Karmen eta Golem aretoetan ikusi ahalko dituzte programaturiko filmak.

Lehen Hezkuntzan (3-12 urte):

  • A zer nolako heroiak
  • Albert
  • Grufaloa
  • Harpetarra
  • Luis eta estralurtarrak
  • Maya erlea: Ezti jokoak
  • Oin Handiren semea
  • Sagu eta Pagu

Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte):

  • Asterix eta Obelix
  • Handia
  • The House With a Clock in its Walls
  • Pan
  • Estiu 1993
  • Wonder
  • Zineskola eta Ongi Etorri Errefuxiatuak
  • Zipi & Zape