Kritika: ‘Gure Oroitzapenak’

Zuzendariak: Oskar Alegria, Özcan Alper, Asier Altuna Iza, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela, Maialen Sarasua.
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria

Gauzak kontatzeke daude, dena kontatzeko dago (Joseba Sarrionandia, 2018ko urriak 12)–

Zineman askotan ikusi ditugu idazle desberdinen hitzetan oinarrituriko irudiak, eta horietako batzuk elkartuz, egile horren begiradara edo unibertsora hurbildu gara. Hor dago Shakespearen lanetan oinarritutako film mordoa adibidez, baina beste askok ere izan dute egokitzapenak jasotzeko (edo pairatzeko) ohorea: Chejov, Dickens, Dumas, Stevenson, Wilde, Verne, Cervantes edo Austen esaterako. Bizirik daudenen artean ere askoren lanak pantaila handian egokituak izan dira, eta hemen erregea, zalantza izpirik gabe, Stephen King da. Gaztelaniazko idazleen artean Alberto Vázquez Figueroa, Juan Marsé edo Almudena Grandes aipatu ditzakegu, eta gurera hurbiltzen bagara, Bernardo Atxaga litzateke zinemara egokitu duten idazlerik nabarmenena, nahiz eta egokitzapenak ez diren bostera iristen. Baina unibertso literarioaz hitzegiten ari garenean, Atxagaz gain, euskal literatura garaikidean badugu beste idazle bat bere hitzekin nolabaiteko berezko kosmosa sortu duena: Joseba Sarrionandia.

Gaur egun Kuban den idazle emankor eta geldiezinak, bizitzako gorabeherek sortutako gaien aniztasuna ezarri du bere lanaren erdigune bezala, unibertso koloretsu eta koherente bat eraikiz. Erbestea, noraeza, urruntzea, oroitzapenak, bakardadea, maitasuna, haurtzaroa, tortura edo mina dira Sarrionandiaren idatzietan topatuko ditugun gaietariko batzuk, anitza bihurtuz bere obra literarioa.

Aurtengo Donostia Zinemaldiko Zinemira sailan aurkeztu zuten Gure oroitzapenak, bere obra inspirazio gisa hartuz, 12 zuzendariek sortutako film kolektiboa. Ildo finkorik gabe, Sarrionandiaren zenbait poema eta narrazio izan dira zuzendarien iturri eta bakoitzak bere lan originala sortu du. Hibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleek askatasun osoa eman diete sortzaileei, nahi bezala, Sarrionandiaren lana hautatu zezaten, eta errepikapenak sahiesteko esku hartu zuten bakarrik. Lehenxeago aipatu ditudan gaiak agertzen dira 12 piezatan, banakako itxuran eta moduan, eta intimista izan daitekeen baten ostean (Maider Oleagarena edo Oskar Alegriarena, adibidez), gerraren ondorioei buruzkoak ikus ditzakegu (Özcan Alper turkiarrarena, Diyarbakireko 2015-2016ko suntsiketara egokitutako animazioa, edo Josu Martinezen “Ama”, 1. Mundu Gerraren ondorioak leunki erakutsiz); baita atzekalde politikoa dutenak ere (Itziar Leemansena torturarekin lotua eta Eugène Greenena, “Preso egon denaren gogoa” olerkia aintzat hartuta); edo haurtzaroko oroitzapenekin erlazionatutakoak (Maialen Sarasuarenak edo Asier Altunarenak haurren begiradak eta bizipenak dituzte oinarri).

Fermin Muguruzak jada bere bakarkako lehen diskoan musikatua zuen olerki bat zinematografiko bihurtu du (Eguraldi Lainotsua Hiriburuan), eta Mireia Gabilondok zuzendutako lanarekin (Propostas para a definição do exilio aparteko olerkian oinarrituta) bikote egin dezake, biek etorkinek gure artean dituzten arazoak erakusten baitizkigute. Azkenik, umorea ere agertzen da beste bi lanetan, Ane Muñozenean eta Carlos Quintela kubatarrarenean, Sarrionandiaren unibertsoak emozio guztiak zeharkatzen baititu, poztasuna barne. Quintelaren zatia idazlearen gertaera ospetsuenarekin lotzen da, protagonista erakusketa batean dagoen bozgorailu-poeta bat baita, eta denok dakigu Iurretako idazlearen ihesaldi ikusgarria nola gertatu zen. Filmaren bukaeran, bozgorailu-gizona modu surrealistan erakustaretotik ateratzean, irribarrea ez dugula ahaztu behar ikasiko dugu.

Gure oroitzapenak film kolektiboak Joseba Sarrionandiaren mundu oparoa zinematografikoki ere egokitu daitekeela erakutsi du, narrazio modu desberdinek gizakion barrualdea kanporatu baitezakete. Eta finean hori da Sarrionandia, gizaki bat, berez gizaki emankor bat. Zinemarako atea irekita dago, ausardia besterik ez da behar.