‘NOKA’, emakume zinegileen ikusgarritasunari bultzada

Emakume zinemagileen ikusgarritasuna indartzeko asmoz, Noka laguntza-programa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Hiru film luze bultzatuko ditu egitasmoak, eta Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat aditu eta aholkularien formakuntza jasoko dute.Atzo goizean aurkeztu zuten egitasmoa Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendariordeak eta Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiko lehendakariak Bilboko Azkuna zentroan egindako agerraldi batean. Zabalik da jada izena emateko epea, abenduaren 14ra bitarte, eta Euskal Herriko emakume zinemagile guztiak aurkeztu ahalko dira deialdira. Filmei dagokienez, orotariko proiektuak izan daitezke: fikziozkoak, animaziozkoak edota dokumentalak. Baldintza bakarra zehaztu du Aitziber Atorrasagasti Zineuskadi ente bultzatzaileko lehendakariak: jada abian dauden egitasmoak izan behar dira, “martxan dauden proiektuak”.

Epaimahai espezializatu bat egongo da proiektuak aztertzen, eta horietatik hiru hautatuko dituzte aholkularitza eta prestakuntza jasotzeko. Istorioaren originaltasuna, sortzaileen talentua eta proposamenaren nazioartekotzeko ahalmena izango dira proiektuak aukeratzeko orduan kontuan hartuko dituzten aldagaiak.  Hautatutako egitasmoek, urtebetez jasoko dute laguntza gidoigintza, zuzendaritza, ekoizpenen eta nazioartekotze arloetan: “Oro har, hamabi aholkulari izango ditugu, eta bakoitzak era pertsonalizatuan lan egingo du: arloka eta proiektu bakoitzarekin”.

Besteak beste, Anahi Bernerí zuzendari argentinarra, Itziar Garcia ekoizlea eta Garbiñe Ortega arte zuzendaria izango dira aholkulari lanetan, eta hiru hilabetean behin bilduko dira egileekin  haien lana zuzendu eta gidatzeko. Horrez gain, bestelako jarduerak egiteko baliatuko dituzte topaketak ere: eskola magistralak, solasaldiak, mahai-inguruak…

Ikusgarritasunari bultzada

“Kulturan, eta horren baitan, zinemagintzan, arrakala eta disfuntzio handi bat daukagu”, adierazi zuen Muñozek atzo, “emakumeek ez dute izan beharko luketen presentzia”. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren arabera herri osoaren kezka bihurtu behar da premisa hori, eta horretan aurrera urratsak ematen ari direla adierazi du: “emakume zinegileen pisua eta ikusgarritasuna handitzen lagunduko duen egitasmoa da Noka”.