Aurkeztu dute Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60.edizioa. Mariano Llinásek eta Apichatpong Weerasethakulek jasoko dute jaialdiaren Ohorezko Mikeldi saria, eta aurreratu dituzten berritasunen artean, lehen aldiz Euskal Zinearen Eguna ospatuko dutela iragarri dute.
Azaroaren 9an hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Arriaga Antzokian egingo duten ekitaldian. Inaugurazio ekitaldian bertan omenduko dute Linás, eta, ostean, zuzendariak berak zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor lana estreinatuko dute. Eredu honi jarraiki, amaiera ekitaldian, azaroaren 16ean, alegia, jasoko du Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiarrak, “egindako sakonera poetiko handiko lan zorrotz eta koherenteagatik”.  Jaialdiak zuzendariaren azken lana den Blue lanaren estreinaldia jasoko du, eta baita hari eskainitako atzera begirako bat ere bai.  22 film labur zein ertainez osatua egongo da sorta hau, eta horietako asko lehen aldiz ikusi ahal izango dira Espaniar estatuan.

124 herrialdetatik heldutako 3.770 film laburretatik, 52 aukeratu dituzte antolatzaileek Sail Ofizialean pantailaratzeko.  Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko lehiatuko dira, eta euskal jatorrizko sei proiektu topatuko ditugu horien artean: Azken otsoa (Iker Maguregi), Cadoul de cracium (Bodgan Muresanu), Ancora lucciole (María Elorza), Amor siempre (Maider Fernandez), Il dolce far (Richard Sahagún) eta It is All Right Here (Teresa Sendagorta).

Zinebi First Film (ZIFF) atalari dagokionez, bederatzi film hautatu dituzte opera prima iradokitzaile eta ausartena saritzen duten 12.000€-ko laguntza eskuratzeko. Beste jaialdi batzuetan ibilbidea egindako filmak dira guztiak, eta lehen aldiz proiektatuko dira hauek ere espainiar estatuan. Bestetik, bederatzi izango dira ere lehiaketaz kanpoko “Beautiful Docs – Mundu osoko dokumental luzeen panoramak” atalak jasako dituen lanak. Egile handien garaiko azken lanak ezagutzeko aukera emango digu, tartean, Dora Garcia, Werner Herzog Rithy Phan egileenak.

Azaroaren 16ean, jaialdiaren itxiera ekitaldian, emango da aditzera sari hauekin osatutako palmaresa: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia, Euskal Zinearen  Sari Nagusia, Espainiar Zinearen Sari Nagusia, fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiak eta Ikus-entzuleen EiTB Saria. Publikoaren bozek ez ezik, nazioarteko epaimahai batek ebatziko ditu sariok; aurten lehen aldiz, bere osotasunean emakumeek osatua egongo den epaimahaia:  Concha Barquero zinegilea, Ghasideh Gomanalki zinegile iraniarra, Zsuzsanna Kiràly ekoizle errumaniarrak, Jodie Mack animazio esperimentalean espezializatutako britainiarra eta Carolina Martínez muntatzailea.

Euskal zinemak atal propioa

Euskal zinemagintzarekin zuzenean lotutako berritasuna izango du aurten jaialdiak: Euskal Zinemaren Eguna ospatuko du jaialdiak azaroaren 10ean. Bi ekitaldi nagusik ardaztuko dute eguneko egitaraua: alde batetik, Sail Ofizialean parte hartuko duten sei euskal filmak proiektatuko dituzte, 17:30ean, Azkuna Zentroan; bestetik, omenaldi ekitaldi bat ospatuko dute, 20:00etatik aurrera, Arte Ederren Museoan.

Ekitaldi horretan, Ohorezko Mikeldi Berezia jasoko du euskal zinegile talde batek, “gerra ostean eta trantsizioaren lehen urteetan ekoizpenak izandako jarraipenaren arduradun izan direlako”: Jose Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarrria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegi, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río izango dira sarituak. Ondoren, Sistiaga saridunaren figurari eskainitako dokumental baten estreinaldia egingo dute, Sistiaga, une histoire basque (Manuel Sorto, 2018).