Donostia-Gipuzkoa Film Commissionek errealitate birtualaren inguruko mahai-ingurua antolatuko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan. Datorren ostiralean, urriaren 26an, egingo dute saioa, 13:00etan, Victoria Eugeniako Klub Aretoan. Sarrera doakoa izango da, espazioa bete arte.

Errealitate birtualaren teknikak inoiz baino presentzia handiagoa izango du larunbatetik aurrera ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko 29.edizioan. Besteak beste, Alexandre Aja edo Nacho Vigalondo bezalako izen entzutetsuek teknika horretatik abiatuta osatutako hainbat filmen emanaldia egingo dute urriaren 26ean, eta horrekin batera, “Beldur inmertsiboa: Generoko fikzioa narratiba digitalean izeneko mahai-ingurua ere egingo dute.

Jon Sanchez narratiba digitalen ikerlari zein garatzaile eta ZINEAko kolaboratzailea arituko da moderatzaile lanetan, eta honako gonbidatu hauen iritziak entzungo ditugu:

  • Daniel Miera, bideojokoen hizkuntzan eta narratiban espezialista
  • Roberto Romero, VR fikzio sortzailea Virtual Voyagers taldean
  • Mafalda González-Alegre, proiektu kudeatzailea Flooxer enpresan
  • Unai Gerra, Larrotxene Bideo ekimeneko kudeatzailea

Film commissionetik lurraldeko sektoreko enpresa eta profesional guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita. Denon artean oraindik askorentzat ezezaguna den teknika honek irekitzen dituen bide berrien inguruan hausnartuko dute, eta lehiakortasunaren izenean eskaintzen dituen onurak aztertu ere bai.