Hamargarren urteurrena bete du aurten Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak. Hamarkadarekin batera, posizio estrategikoa finkatu du erakustaldiak garapen iraunkorrerako lankidetzari, giza eskubideei, genero-berdintasunari eta kulturartekotasunari buruzko gaiak arakatu nahi dituzten profesionalen artean. Egunotan ospatzen ari dira edizio berria Bilbon.
Joan den ostegunetik, urriaren 18tik, 25era bitartean ospatuko dute Kultura, Comunicación y Desarrollo – KCD GGKE erakundeak antolatutako jaialdia, eta Europan piztutako xenofobia, Afrikan migrazioaren ordezko aukerak proposatzen dituzten ahotsak eta Kubako Kultur Garapena izango dira gai nabarmenetako batzuk. Datu berezi bezala, emakumeen gehiengo ikuspegia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, lehiaketara aurkeztutako 84 filmetatik, emakumeek zuzendutako 40 proiektatuko dira.
Emakumeen begirada gailentzeaz gainera, filmen jatorri askotarikoa bermatu dute ere. Hala, besteak beste, El Salvador, Kolonbia, Mexiko, Kuba, Libano, Txile eta Guatemalako zuzendariak bilduko dira Azkuna Zentroak hartuko dituen emanaldietan. Gizarteari eragiten dioten arazo eta kezkak ezagutaraztea da jaialdiaren helburua, eta beren herrialdeetako egoeren berri emango dute zinegile gonbidatuek programaturiko proiekzio, eztabaida eta bestelako jarduera osagarrien bidez.
Iazko emaitzak hobetzera
Azken edizioan bertaratutako 10.617 ikusleen langa hobetzea izango da aurtengo edizioaren erronka. 900 film baino gehiago jaso dira lehiaketan, horietatik 84 aukeratu ditu jaialdiak erakusketarako, eta, orotara, 25 egoitzatan egingo diren 433 proiekzio prestatu dituzte horiekin.
Pelikula guztietatik 29 Giza Eskubideen Saria eskuratzeko lehiatuko dira, 20 Garapen Iraunkorraren kategorian, 21 Genero Berdintasunarenean eta 14 Kultura-artekotasunarenean. Urriaren 25ean ospatuko duen amaiera ekitaldian izendatuko dira kategoria bakoitzeko garaileak.
Bestelako jarduera osagarriak
Filmen proiekzioaz gainera, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte jaialdiaren markoan. Batetik, hiru foro berezi antolatuko dira Saharaz Hegoaldeko Afrikako pelikulekin. Horietan izango dira, besteak beste, Mamadou Dia Aminata Senegaldar Kultur Zentroaren arduraduna; Nyde Marianne Diop Gandioleko (Senegal) Kultura arduraduna; eta Amina Weira zinema zuzendaria. Kultur aitzindari dira hirurak haien herrian, eta errealitate horren erakusle izango dira gurean.
Bestetik, Papeles antzezlana ikusteko aukera izango da ere. Bi gazte senegaldarrek Europara iristeko bizitako esperientzian du oinarria ikuskizunak, eta Mamadou Diaren poesia eta Alioune Diagneren dantzen konbinaketak gorpuzten du.
Azkenik, eta jaialdia aitzakiatzat hartuta, ‘Cuba Iluminada’ erakusketa hartuko du Bilboko Zabalgune eraikinak. Héctor Garrido andaluziarraren lanak izango ditu ardatz, eta Kubako arte, kultura, gizarte eta kirol alorretako aurpegiak erakutsiko ditu. Urriaren 17an inauguratu zen, eta azaroren 20a bitarte egongo da ikusgai.